Beldurra

Xabi Irakulis.

Gurasoen apalategi zaharreko liburuen ilara luzetik hiztegi entziklopedikoa hartu berri dut. Zenbat urte igaro ote dira, azkenekoz, eskutan hartu nuenetik. Etxean ez daukat hiztegirik, bat bera ere ez. Pentsatzen jarrita, izugarria iruditu zait, sinestezina. Dena den, etxean zer dela eta ez dagoen hiztegirik hurrengo baterako utziko dut, zer hausnartu badauka eta.

Hiztegia zabaldu eta horrela dio: “Beldur. iz. Benetazko nahiz ustezko arrisku baten aurrean sortzen den urduritasun edo kezka-egoera”.

Baina bada beldurra emozio positibotzat ulertzen duenik ere, hezkuntzak, esaterako. Izan ere, beldurra gerta daitekeenaren arriskua saihesteko abisua da. Hortaz, gure kulturak bizi duen kolonizazioak beldurtzea positiboa al da? Bai, aspaldi honetan gertatzen ari da, pausu erraldoietan, gainera. Adibide kopurua izugarria da.

Horietako bat Halloween jaiarena da, Gau Beltzarena. Irlandan du jatorria Halloweenek. Euskal Herrira ere aspaldi iritsi zen Arimen Gaua. Egun, oso agerikoa da Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako jaiaren merkantilizazioa. Inguruko iragarki eta erakuslehioeri begiratzea besterik ez dago. Esaterako, nire ikasleei galdetuz gero, ehuneko handi-handi batek baiezkoa erantzungo dit (denak ez esatearren). Bai! Halloween ospatuko dute. Azken urteotan, horrela izan da, ez dut uste aurten ezberdina izango denik.

Baina, soilik, umeen kontua al da? Argi daukadana da etxean umerik duen inork gutxik egin ahal diola ihes Halloween ospakizunari. Hedabideei edo tradizioari errua botako dionik egongo da, baina festa amerikarraren aramu-sarean aspaldi gaude harrapaturik. Bada, saihestu ezin badugu, aprobetxa dezagun jaiaren oihartzun soziala euskal kulturari edota tradizioari lotutako ospakizuna bilakatzeko. Egin dezagun jaia gure. Lehenago esan bezala, aspaldi iritsi zen arimen gaua gurera eta jai-eguna egiteko mila adibide ditugu ondoko herri eta auzoetan. Etxanon, Iurretan edota Ibarrurrin, esaterako.

Ohitura zaharren oso zalea naiz, baita mozorrotzearena ere. Eta egia esateko, zerbait egon bada herri honetan hori borondatea da, gauzak aldatzeko borondatea. Argi dago festa geratzeko etorri dela, eta gure esku dago horri erantzutea. Nola egin aztertu beharko litzateke.