EH Bildu Zornotzak, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek agiri bateratua plazaratu dugu, Desokupa gure herrira etorri dela salatzeko.
EH Bildu Zornotza, PSE- EE eta Elkarrekin Amorebieta talde politikoek publikoki adierazi nahi dugu gure erabateko gaitzespena eta aurkakotasuna Desokupa izenez ezagutzen den taldeak Zornotza-Amorebietan izan duen presentziaren aurrean.
Azpimarratu nahi dugu talde horrek ez duela inolako zilegitasun demokratiko, instituzional ezta legalik ere gure udalerrian jarduteko. Bere presentziak ez dio inongo prozedura judizial ofiziali erantzuten, eta zuzenbide-estatu batean onartezina den eta jazarpen eta biolentzian oinarrituta dagoen esku-hartzea da, herriko bizikidetza eta kohesio soziala arriskuan jarriz.
Era berean, modu irmoan salatzen dugu kolektibo horrek sustatzen dituen jardunbideak eta ekintzak ez direla bide egokia etxebizitzarena bezalako arazo sozial konplexuei heltzeko. Liskarrean, presioan eta beldurtzean oinarritutako esku-hartze hauek ezegonkortasuna, segurtasun eza eta zatiketa besterik ez dute sortzen herritarren artean.
Testuinguru honetan, gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiogu jazarpena pairatzen ari den maizterrari, bai eta halako egoerak jasaten dituzten pertsona guztiei ere. Ez da onargarria herritarrak presioaren, mehatxuaren edo seinalamendu publikoaren bidez beldurtzea, eta bereziki larritzat jotzen dugu egoera hori etxebizitza eskubidearen esparruan gertatzea.
Halaber, gogorarazi nahi dugu etxebizitzaren arloan badaudela bide instituzionalak eta akordio politikoak, etxebizitza eskubidea indartzera, babes publiko handiagoa bermatzera eta arazo honi ikuspegi sozialetik eta legezko tresnen bidez heltzea helburu dutenak, eta inplikatutako aldeei erantzuna emateko gai direnak. Akordio horiek erakusten dute politika publikoen, elkarrizketaren eta erantzukizun instituzionalaren bidez aurrera egitea dela bide egokia.
Amorebieta-Etxanon bizikidetzarekin, giza eskubideekin eta gatazken konponbide legal, sozial eta instituzionalekin konprometitutako herria da, betiere elkarrizketaren eta erantzukizun publikoaren bidetik. Balio horiek guztiz bateraezinak dira instituzioen eta printzipio demokratikoen marjinan jarduten duten taldeekin.
Horregatik guztiagatik, berriro adierazi nahi dugu hau ez dela bidea, eta berresten dugu etxebizitza arloan eta gainerako arazo sozialei dagokienez irtenbide bidezko, legal eta sozialak sustatuko dituzten politika publikoen aldeko gure konpromisoa, herritarren ongizatea eta bizikidetza indartzeko helburuarekin.
