Beste behin jaiki naiz amesgaizto batekin. Jaiki eta ingurura begiratzean itzartu naizen jakin gabe, horrek izutzen nau gehiago. Beste eraso homofobo bat, beste irain transfobo bat, beste erailketa transmaribollofobo bat… Zurrunbilo erreakzionarioaren bete-betean gauden honetan hainbat galdera suertatzen zaizkit: Nola gelditu hau guztia? Zer egin plano kolektiboan? Nork du erantzukizuna horietan guztietan?
Egoera argia bizitzen ari gara: basakeria neoliberalaren puntu gorenean aurkitzen dira gure gorputzak eta honek guztiak modu zuzenean zeharkatzen gaitu. Hala ere, batzuetan, mundu mailan ematen ari den olatu erreakzionariotik salbu gaudela uste dugu Euskal Herrian, baina ezinbestekoa da honi erreparatzea. Borroka ideologiko zein sozialean lehen lerroan egon izan da Euskal Herria historikoki, antifaxismoaren lubaki izanik. Berriz, ezin dugu atzerapausorik eman, erne ibili behar gara, gure inguruari erreparatuz egoera globala ahaztu gabe.
Zornotzan ere egoera honen itzulpena eman da, izan ere, azken urteetan hainbat eraso eta jazarpen kasu eman dira gure herrian. Egoera hauen aurrean gure herriak beti erakutsi du jaikitzeko eta modu artikulatu batean erantzuteko gaitasuna, irmoki gaitzetsiz gertatutakoa eta herri oso bat aurrean izango dela erakutsiz.
Giza eskubideen aurkako ‘ideiek’ ezin dute gure artean tokirik izan. Eta bide horretan denoi dagokigu kontziente izatea, garenaz, birproduzitzen dugunaz, zeharkatzen gaituenaz, harremantzeko moduaz, arduraz jokatzeaz, ingurukoak interpelatzeaz, boterean zein espazio publikoan diharduten talde politikoek duten betebeharrak exijitzeaz… Finean borroka espazio oro identifikatzea eta hauetan inziditzea dagokigu norbanako zein modu kolektiboan, kalean zein instituzioetan.
Hori horrela, Euskal Herria aske, ezkertiar eta transfeminista eraikitzera bidean ezinbestekoa da gaur, Ekainaren 28an, zein egunero memoria historikoa lantzea eta idazten jarraitzea. Guk idatzi ezean gugatik idatziko baitute. Horrenbestez, ardurak hartzen jarraituko dugu, faxismoaren aurka antolatzen, gure artean eta herri bezela saretzen gorputz zapaldurik gabeko herri bat lekuan leku eta egunero eraikitzen jarraitzeko asmoz.
