Aste honetan amaitu da Amorebieta-Etxanoko espazio publikoaren erabilera arautuko duen ordenantzari ekarpenak eta alegazioak aurkezteko epea, eta araudia oso-osorik berregiteko eskaera berretsi dugu EH Bildutik. Herritarrei bizkarra emanda egin dute, herriko hainbat eragilek argi utzi duten moduan, eta prozesu parte-hartzaile baten bidez berregiteko proposamena luzatu diogu Udal Gobernuari.
Asteon bukatu da Amorebieta-Etxanoko espazio publikoaren erabilera arautuko duen ordenantzari ekarpenak eta alegazioak aurkezteko epea. EH Bildutik hasieratik salatu dugu ordenantza hori herritarrei bizkarra emanez egin dela, murriztailea dela eta erabaki asko alkatearen esku uzten dituela.
Publiko egin den momentutik herrian izan duen harrerak berretsi du baieztapen hori, eta Zornotzako eragile ezberdinek egindako salaketa publikoak indartu egin du udaletxean hasieratik egin dugun eskaera: Udal Gobernuak atzera egin behar du, eta hutsetik hasita, zornotzarron elkarbizitza arautuko duen ordenantza herritarren artean garatu ahal izateko prozezu parte-hartzaile bat abian jarri behar du, elkarte, eragile, ostalari, komertzio eta norbanakoen parte-hartzerako saio irekiak antolatuta.
Zornotzako EH Bildutik ordenantzari egin dizkiogun ekarpenak eta alegazioak bi bloketan banatzen dira. Alde batetik, formari dagozkionak daude; izan ere, dokumentuak ez ditu jasotzen legeak agintzen dituen txostenak, hala nola, genero-inpaktuari dagokiona edota arau-eraginaren azterketari buruzko memoria. Txosten horiek gabe, ordenantza baliogabetzat jo daiteke.
Bestetik, edukiari lotutako ekarpenak eta alegazioak sartu ditugu. Hauek dira horietako batzuk:
Hasteko, euskara irizpideen falta dela eta, euskararen erabilerari eta hizkuntza paisaiari eragiten dizkioten ekarpenak bildu ditugu.
Horrez gain, arbitrariotasuna murrizteko irizpideak eskatu ditugu, egoera berdinei erantzun desberdinak ematea ekiditeko helburuz.
Era berean, baimena eskatzen duenari gehiegizko baldintzak edo betebeharrak ezarri ordez, erraztasunak ematearen alde egin dugu, ekimena burokraziak itotzeko arriskua saihesteko asmoz.
Halaber, kaleko musikari eta ekitaldiei jartzen zaizkien debekuak eta oztopoak ezabatzea galdegin dugu. Horrelako ekimenak, gehienetan, euskal giroari lotuta egoten dira, eta, ondorioz, horrelako ekimenak erraztu egin beharko lirateke, euskararen eta euskal kulturaren mesedetan.
EH Bilduk egindako ekarpen eta alegazio guztiak ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen.