Bego Atxa eta Gaizka Esparza EH Bildu Zornotzako zinegotziekin izan gara, espazio publikoaren erabilera eta kaleko salmenta arautzeko Amorebieta-Etxanoko Udal Gobernuak onartu duen ordenantza polemikoaren inguruan gehiago jakiteko.
– Espazio publikoaren erabilera eta kaleko salmenta arautzeko ordenantza berria indarrean dago. Zer gertatu zen proiektu horren aurrean aurkeztutako alegazioekin?
EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak joan den uztailaren 29an, ez-ohiko osoko bilkura batean, onartu zuen espazio publikoaren erabilera eta kaleko salmenta arautzeko ordenantza polemikoa, EH Bilduk, “Ordenantza honi ez!” herri plataformak eta bestelako eragile eta norbanakoek aurkeztutako alegazioak atzera botata. Horrenbestez, alde bakarrez landutako ordenantza inposatu egin dute, oposizioko taldeek nahiz herriko hainbat gizarte-eragilek egindako zuzenketak eta ekarpenak baztertuta.
Ordenantza horrek zornotzarron bizikidetza arautzen du eta, ondorioz, zornotzar guztiongan izango du eragina. Baina, hala ere, EAJk eta PSE-EEk ez dituzte kontuan hartu gure ekarpenak, eta gu ere bagara Amorebieta-Etxanoko milaka herritarren ordezkariak.
Udal Gobernuaren jarduteko modua larria da. Horregatik, urrats bat gehiago ematea erabaki dugu: epaitegietan ordenantza berriaren kontrako helegitea jarri dugu, egitasmo hori bertan behera uzteko legezko arrazoiak badaudela konbentzituta baikaude.
– Zehazki, zer salatu duzue epaitegietan?
Laburbilduz, Udal Gobernuari berari aurkeztutako alegazioetan esandakoa salatu dugu auzitegian: EAJren eta PSE-EEren ordenantzak akatsak dituela, formari eta edukiari dagokionez. Besteak beste, araudi horrek izango duen eraginari buruzko azterketak ez ditu edukiari dagokionez legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen; genero-eraginari buruzko txostena eta aurrekontu-txosten teknikoa ez zeuden hasieratik jasota, gure alegazioak aurkeztu ondoren gehitu zituzten, horien inguruko edozein emendakin egiteko aukera ukatuz.
Gure zerbitzu juridikoen arabera, legeak eskatzen dituen hainbat baldintza ez dituzte bete, eta gabezia horiek guztiak nahikoa izango lirateke ordenantza onartzeko egin duten prozesu guztia hasieratik baliogabetzeko.
– Auzitegietan kontuak luze joan ohi dira. Epaia atera bitartean, badago beste ezer egiterik?
Helegitea urriaren 29an sartu genuen, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioko auzien epaitegian, eta oraingoz ez dakigu epaiketa noiz izango den, eta, are gutxiago, prozesu judizial hori noiz eta nola bukatuko den. Kautelazko neurriak ere eskatuko ditugu, epaia izan bitartean ordenantza bertan behera gera dadin.
Edonola ere, ez gara ebazpenen zain geldi egongo, eta guk hasieratik aldarrikatu duguna egingo dugu hurrengo hilabeteetan: prozesu parte-hartzaile bat jarriko dugu martxan, herritar guztiongan eragina izango duen ordenantza denon artean -dendariak, ostalariak, gizarte-eragileak, elkarteak, herritarrak…- lantzeko, hobetzeko eta adosteko.
Horretarako, inplikatutako herritarrekin eta eragileekin bilerak, elkarrizketak eta mahai-inguruak egingo ditugu, guztion interesak babestuko dituen ordenantza berri bat egiteko helburuarekin, eta, epaileek egungo araudi polemikoa baliogabetuz gero, herritarrekin batera landutakoa indarrean jartzeko asmoarekin.
– Amaitzeko, gogoratu ditzakezue zeintzuk diren ordenantza horren alde negatiboak edo eragozpen nagusiak?
EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuaren neurrira eta nahietara egokitutako ordenantza da. Araudi horrek ez ditu kontuan hartzen espazio publikoa erabiltzen dugun pertsona guztion beharrizanak eta nahiak.
Euskararen ikuspegia ere ez dute kontuan hartu. Dokumentazioa gazteleraz soilik bidali ziguten, eta euskararen normalizaziorako baldintzak ere ez dira jasotzen.
Are gehiago, araudia murriztailea da, eta testua anbiguoa denez, baimenekin loturiko erabaki asko Udal Gobernuaren esku egongo dira; hau da, elkarte eta eragileen ekimenak oztopatzeko eskumena izango du alkatearen Gobernu Taldeak.
Gainera, baimenak lortzeko burokrazia betetzea zailagoa izango da aurrerantzean; adibidez, eta kalean bozgorailuak edo musika anplifikadoreak erabiltzeko baimena ematea Udal Gobernuaren eskumena izango da geratuko da, eta baimen hori emateko edo ukatzeko irizpide objektiborik ez da markatu.