Inflazioa

Inflazioa epe jakin batean ematen den ondasun eta zerbitzuen prezioen maila orokorraren igoerari deritzo. Txanpon baten eros ahalmenaren galera islatzen du. Wikipediara sartu eta inflazioa zer den halaxe erantzuten du izeko Googlek. Joan den astean hirutan irakurri behar izan nuen inflazioaren definizioa, esanahia oraindik oso argi ez badaukat ere.

Eta argi ez ditudan kontzeptuei segika, telebista piztu eta orain arte kutsakortasun-tasa, ZIUen egoera eta COVID pasaportea zirena, orain bonba hotsa, ekonomiaren beheraldia eta inbasioa dira. Errefuxiatuak bai, baina azal zuri eta begi argiak dituztenak soilik. Bakea bai, baina Bilboko portutik arma bete itsasontzi iristen dira Saudi Arabiara, lantzean-lantzean. Elkartasuna bai, baina 2014ean Donbass lehergaipean kixkaltzen zenean begiak ez geneuzkan hain irekita. Erresistentzia zilegi, baina Palestinaren kasuan ez gaitu konbentzitzen. Martxoak 8an morez, baina urteko gainontzeko egunetan zure lagunen txiste matxistei barre algaraka erantzunez. Hauek dira komunikabideek eskaintzen dizkiguten notiziak, izan ere, berriak, gutxi.
Bitartean, gasoilaren prezioak gora, olioarenak, gasarenak, argi indarrarenak, gosaritan hartzen dugun kafearenak eta komuneko paperarenak ere bai. Denak gora, goia jo arte edo aurrezki kutxan zenbaki gorriak agertu arte. Izan ere, bizirauteko maileguak eskatzeko puntuan bukatuko dugu denok, egoerak horrela jarraitzen badu, bederen. Beno, denok? Ez, betikook esan nahi nuen. Beste betiko batzuk orain ere majo egongo dira praketako poltsikoak betetzen, diruz eta pozez; hainbeste errepikatzen diguten krisialdia badakigu eta nortzuk ordainduko dugun.

Behin honaino iritsita beraz, definizioak aldatu eta inflazioa egoera jasangaitz honen eraginez titien tamainen puztea ez ote den zalantzan jartzen hasita nago.