Ixerbekoa kiroldegiarekin, zer?

EAJk eta PSEk Ixerbekoa kiroldegia bota eta lurra enpresa pribatu bati saldu nahi badiote ere, EH Bilduk argi dauka eraikina herritarren beharren zerbitzura jarri behar dela eta horretarako proposamen zehatza garatu dugu.

EAJk eta PSE-EEk Ixerbekoa kiroldegia bota nahi zuen, beti bezala, enpresa pribatu bati saltzeko eta gune horretan etxebizitza gehiago eraikitzeko, pribatizazioari eta negozioari beste behin argi berdea emanez. Baina, Telefonica enpresak zein guk geuk aurkeztutako alegazioei esker, azkenean ez da halakorik egingo, eta Ixerbekoa eraikinak herritarrentzako ekipamendu izaten jarraituko du.

Zornotzak ahalmen handia dauka eta, estrategikoki, toki onean kokatuta dago. Horregatik, beti pentsatu izan dugu Zornotzak, Durangaldean erreferente izateko aukera handia duela, baita ardura ere. Baina, horretarako, baliabideak jartzea ezinbestekoa da.

EH Bildu Zornotzatik sarritan proposatu dugu eraikin hori eraberritu eta erabilera anitzeko zentro soziokultural bilakatzea, balio komunitarioko gune gisa. Norabide horretan, euskal kulturaren transmisiorako eta sustapenerako beharrezkoa zen eraikina izatea nahi genuen, eta Zornotzako kultur elkarteen erreferentziazko gune bilakatzea proposatu genuen. EH Bilduk defendatutako erabilera nagusien artean, hauek nabarmentzen genituen:

Zertarako behar du Zornotzak Ixerbekoa bezalako espazio bat?

  • Herri-ekimenetarako espazioa
  • Elkarteentzako eta herri mugimendurako aterpea
  • Gazteentzako espazio propioa
  • Jarduera kultural eta sozialak
  • Aldi baterako karpen alternatiba iraunkorra

Asko dira proiektuak herriari ekarriko lizkiokeen onurak. Izan ere, udal zerbitzuan eskaintzeko gunea izango litzateke, herrian antolatzen diren ekimenak egiteko baliatuko litzateke espazioa eta herri mugimenduaren, elkarteen zein bestelako taldeen aterpe izango litzateke.

Urtero karpak jarri eta kendu ibiltzen gara herrian, horrek duen gastuarekin, eta horri irtenbidea emateko baliatu liteke Ixerbekoa, behar bezalako egokitzapenak eginda.. Gazteentzako espazioa ere bilakatu daiteke. EH Bilduk beti pertsonak eta kultura erdigunean jartzen ditu; eta herritarren beharrizanak entzuten eta irtenbideak topatzen jarraituko dugu. Etorkizunera begira, Ixerbekoa kultura, gazteria eta komunitatea erdigunean jarriko dituen herri-proiektuaren pieza giltzarria izan daiteke.

EH Bildun argi daukagu, Herritarren beharrak erdigunean jarriko dituen herri-eredu baten alde lanean jarraituko dugu. Udalarena den lursail bat ezin daiteke saldu enpresa pribatu batek negozioa egin dezan, Ixerbekoa herriarena da eta horrela izaten jarraitu dezan da gure alternatiba.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude