Jose Parra Gonzalez zornotzarra 1984ko maiatzean atxilotu zuen Guardia Zibilak. Torturatu egin zuten. Zortzi egunez egon zen inkomunikatuta, La Salve, Burgos eta Madrilgo kuarteletan eta Carabancheleko espetxean.
Hau da bere testigantza:
“Sarekada handi bat egin zuten Zornotzan. 19 lagun inguru atxilotu zituzten herrian, tartean ni. Bezperan kalez jantzitako guardia zibilak egun osoa atzetik jarraika izan nituen”.
“Lehendabiziko sei orduetan jasandako jipoiak eta galdeketa luzeak nahikoa izan ziren Itziarren semea abestiak markatzen duen ideala behera etortzeko. Psikomotrizitatea erabat kaltetuta amaitu nuen eta zazpi kilo galduta atera nintzen Carabancheletik”.
“Norbera torturatzeaz gain, beste pertsona batzuk, tartean Zornotzako jende ezaguna, nola torturatzen zituzten ikustera behartzen gintuzten eta hori oso gogorra izan zen”.
1960 eta 2014 urteen artean Euskal Autonomia Erkidegoan izan diren tortura eta tratu txarrei buruzko txostena-ren harira, Josek uste du Eusko Jaurlaritzak eskatuta EHUk egin duen ikerketa “bikaina” dela, baina kezkagarritzat jo du informazio horrek eragin duen axolagabekeria.
“Egin duten ikerketa bikaina iruditzen zait. Baina, aldi berean, deigarria eta tristea iruditzen zait egia batek hain erreakzio ezberdinak izatea: batzuk ukatu egiten dute tortura existitu dela, beste batzuk isildu egiten dira, beste batzuei berdin zaie…”.
Paco Etxeberria Gabilondo auzi medikua eta torturei buruzko ikerketaren zuzendaria:
“Edozein hizkuntza eta hiztegitan, ez dago hitzik torturatua izaten ari den pertsona batek sufritzen duena adierazteko”.
Martxelo Otamendi Egiguren Euskaldunon Egunkariko zuzendari ohia eta egun Berria egunkariko zuzendaria:
“Bost egunez egon nintzen inkomunikatuta. Horietako hiru zutik eta hormara begira izan ninduten. Laupabost ordu igarotzen zirenean, 20 minutu ematen zizkidaten koltxoi baten gainean etzateko, baina lorik egin gabe”.