Juan Luis Areitio: “Kuarteletik pasa ostean, mendira eraman ninduten eta bertan kolpeek eta sufrimenduak jarraitu zuten”

1984ko maiatzean, astebeteko tartean, atxilotu eta torturatu zuten Poliziak eta Guardia Zibilak Juan Luis Areitio Gerediaga zornotzarra. Indautxu eta La Salveko kuarteletan inkomunikatuta egun batzuk igaro ostean, kargu gabe aske utzi zuten.

Hau da bere testigantza:

“Nire lantokian atxilotu ninduten, eta behin autoan geundela kolpeka hasi ziren. Zornotzako kuarteletik igaro eta gero, mendira eraman ninduten, Larrabetzu eta Morga bitarteko lekuren batera. Bertan kolpeek ea sufrimenduak jarraitu zuten”.

“Nire emazte eta familiari zerbait egingo zieten beldur nintzen. Bi edo hiru hilabete egin nituen lorik egin ezinik, galduta, paranoiko, edozein zarata entzundakoan beldurrez”.

1960 eta 2014 urteen artean Euskal Autonomia Erkidegoan izan diren tortura eta tratu txarrei buruzko txostena Areitiok positibotzat jotzen du, Eusko Jaurlaritzak horrela eskatuta, EHUk egindako ikerketa lana, baina uste du ez duela instituzioen aitorpena jasoko.

“Txostena ondo dago, baina lehenago egin beharko litzateke. Aitorpen instituzionala jasoko duen zalantza dut. PP eta PSEren jarrerak ikustea besterik ez dago, baita PNVrena ere, gaiak eragingo ez balie bezala jokatzen baitute”, atsekabetzen da.

“EAEn bezala, Nafarroan ere, torturaren gaineko ikerketa bat Aurrera eramatea espero dut”, bukatzen du.

Paco Etxeberria Gabilondo auzi medikua eta torturei buruzko ikerketaren zuzendaria:

“Edozein hizkuntza eta hiztegitan, ez dago hitzik torturatua izaten ari den pertsona batek sufritzen duena adierazteko”.

 

 

Martxelo Otamendi Egiguren Euskaldunon Egunkariko zuzendari ohia eta egun Berria egunkariko zuzendaria:

“Bost egunez egon nintzen inkomunikatuta. Horietako hiru zutik eta hormara begira izan ninduten. Laupabost ordu igarotzen zirenean, 20 minutu ematen zizkidaten koltxoi baten gainean etzateko, baina lorik egin gabe”.