Badira urte batzuk jada martxoaren 8a borroka eguna bilakatu dena, borroka feminista hain zuzen ere. Gaurkoan ere, gazte feministok “Antifaxismoa feminista izango da edo ez da izango” lelopean kaleak hartuko ditugu, bi kontzeptu horiek, antifaxismoa eta feminismoa alegia, lotura estuko hitzak baitira.
Egun faxismoa eta eskuina gorakada ikaragarria izaten ari dira mundu mailako herrialde eta potentzia handietan, Amerikako Estatu Batuetan edo Argentinan esaterako. Horrez gain, beste herrialde batzuetan ere, eskuina edo ultraeskuina botere absolutura heldu ez arren, geroz eta handiagoak dira eta hori guztia ez doa bat gure borrokarekin. Gorakada horiek guztiak antifaxismo eta feminismo kontzeptuen loturaren erakusgarri dira, izan ere, dagoeneko herrialde horietan emakumeen zein genero disidenteen eskubideak urratzen dituen neurriak hartu ditu eskuinak.
Hariarekin jarraituz, egoera horiek gogorarazten gaituzte oraindik ere sistema
zisheteropatriarkal, kapitalista, kolonialista eta arrazista berrezartzen dela eta ezberdintasunek darraienaren seinale dela, orain dela gutxira arte pentsaezinak ziren aurrerapausoak eman badira ere. Hori horrela ikusita faxismoaren aurkako borroka errealak perspektiba feminista edukitzea premiazkoa da eta azken hori aurtengo gazte feministon leloak adierazten duen bezala behin eta berriz berretsiko dugu. Egoerak eskatzen duen legez, Euskal Herriko Mugimendu Feministak Iruñan eginiko prentsaurrekoan botatako hitzak ordezkari dira: “Tomemos las calles y gritemos en voz alta que estamos hartas. Sigamos construyendo alianzas en estos tiempos llenos de fascismo, reaccionarismo y opresión”.
Zornotzari dagokionez, aurten ere Martxoaren 8a antolatzeko elkartu da Zornotzako
Mugimendu Feminista, hots, talde feminista, Suhaziak gazte feminista taldea eta M8
plataforma. 2025ean mugimendu hori ez da gutxiago izango, herrian indar faltaren aurrean nagusitu egin direlako. Herriaren beharrak ikusita, oraingoan asanblada 0a sortu da atzo borroka feministan aritu zirenak, gaur ari direnak eta bihar arituko direnak elkarlana egiteko.
Horri esker, giro feminista intergenerazionala lortu da, giro bizigarri, militagarri eta erosoa. Hamaika aldiz esan bezala utopiak lehertzeraino arituko gara elkarlanean, behin utopia zena orain egi bilakakatzea lortu zuten bezala, gure etorkizunean gaurko ametsak egi izatea egingo ditugulako.
Amaitzeko, bide eta aukera hau aprobetxa nahiko genuke Zornotzako gazte feministen ahotsa goratzeko eta dagoeneko antolatuta dagoen mugimendu eta talde honekin Zornotza feminista bat lortzeko. Garai gogorrak etor daitezke baina gogora dezagun, izenak argi utzi bezala, belaunaldi feminista berri baten haziak garela eta gu isilarazteko asmotan lurperatu gintuzten eta gaur ere lurperatu nahi gaituzten arren, ez dakite SU HAZIAK garela eta zapaltzen gaituen orori sua emango diogula.