Urko Lopez: “Alkatetza eskuratu eta gauzak beste era batera egin daitezkeela erakutsi nahi dugu”

ND4_2552

Urko Lopezek iragarri du bera izango dela 2015eko udal hauteskundeetan EH Bilduren alkategaia Zornotzan. “Benetako gobernu-aukera garela erakutsi nahi diegu zornotzarrei”, azpimarratu du. Legegintzaldiari errepasoa eginez, EAJk eta PSEk ezarritako “horma” kritikatu du: “Badirudi EH Bilduk proposatutakoaren aurrean EAJk ezezkoa eman behar duela beti”.

Legegintzaldia bere azken fasean sartu da. Zein da orain artekoaz egiten duzun balorazioa?

Ikaste prozesu bat izan da. EH Bilduko zinegotzi gehienok esperientzia gabeko pertsonak gara, inoiz udaletxe batean aritu ez garenak, eta ardura honek, besteak beste, begiak zabaltzeko balio izan digu, beste alderdiek nola jokatzen duten bertatik bertara ikusi ahal izan dugulako. Komunikabideetan agertzen dena gauza bat da, eta beste bat atzean dagoen azpijokoa.

Aurpegia eman dugu eta gure erabakiak arrazoitu ditugu, baina horma batekin egin dugu talka, EAJ-PSE hormarekin, hain zuzen ere. Beti leporatzen digute ez dugula lanik egin nahi, baina hori ez da egia. Guk ez dugu hormarik sortu. Eurek sortu dute horma. Beldur handia ematen die EH Bildurekin elkarlanean aritzeak edota EH Bilduri zerbaitetan arrazoia emateak, gutxienez publikoki.

Gure planteamendua eraikitzailea da, baina ekarpenak jasotzeko, partekatzeko eta publikoki onartzeko borondate falta ikusi diogu EAJri, eta jarrera horretan PSEren konplizitatea izan du. Ildo horretan, ez dugu ulertzen bi alderdi horiek ezkutuko bilerak zergatik egiten dituzten.

2015eko udal hauteskundeetarako hilabeteak baino ez dira falta. Zornotzako alkatetzarako hautagaia izango zara berriro?

Bai, EH Bilduren alkategaia izango naiz datozen udal hauteskundeetan. EH Bilduren proiektua bukatu gabe daukagu eta gure auzokideengatik asko dugu egiteko oraindik. Hausnarketa sakon baten ondorioz hartutako erabakia da. Bere garaian hartutako konpromisoari eusten diot, eta behin helburu hori beteta, berriro nire ohiko bizitzari helduko diot.

Irakaskuntzan eta ikertzen diharduen Ekonomia doktorea zara. Nola uztartzen dituzu profesioa eta zinegotziari dagozkion ardurak?

Egunero joaten naiz lanera, Mondragon Unibertsitatera. Han klaseak eman eta ikerkuntza proiektuak garatzen ditut. Unibertsitateko jardunaldia bukatzean herrigintzari heltzen diot. Ordu asko dira eta lan nekeza da, baina gogotsu eta pozik ari naiz.

Mundu berri bat ezagutu dut. Udaletxe bateko lana komunikabideen bitartez edo lagunekin taberna batean hitzeginda, modu batera ikusten da, baina barrutik bizitzea eta sukalde lanetan egotea beste gauza bat da. Ardura handia da, baina maila pertsonalean, esperientzia positiboa izaten ari da eta nire baitan ezagutzen ez nuen aldea garatu dut.

EAJk eta Alderdi Sozialistak horma bat eratu dutela diozu. Nola bideratu daitezke EH Bilduren proposamenak egoera horretan?

Badira lortu ditugun gauzak, besteak beste, Azpiriko gunea aparkaleku bilakatzea, bide gorriak eta berdeak egotea, euskara ordenantza lantzea… Baina egia da oraindik gauza batzuk lortu ez ditugula, esaterako, kargu publikoen soldata eta dieta jaitsiera (urtero egiten dugun proposamena); herritarren parte-hartzerako mahai teknikoak sortzea; berdintasunerako batzordea abian jartzea; edo osoko bilkura arratsaldez izatea zornotzarrak errazago bertaratu ahal izateko.

Nolanahi ere, politikoki beste alderdien erabakiak hainbat alditan baldintzatu ahal izan ditugu, eta hori oso garrantzitsua da, batez ere gu mugitzen garenean kezkatu egiten direlako.

Gauza asko egiteko dituzuela esan duzu. Zeintzuk dira zuen erronka nagusiak?

Bi dira gure erronka nagusiak. Lehendabizikoa, EH Bildu Zornotzan gobernu-aukera moduan ikusi dadila nahi dugu. Jendeak askotan esaten du aldaketak nahi dituela, bada, gu gara aldaketa horretarako aukera. Aldatzeko garaia da, gutxienez higiene demokratikoagatik. Gu konbentzituta gaude benetako gobernu-aukera garela eta argi daukagu EH Bildurekin udaletxeko ateak parez pare zabalik egongo liratekeela; ez gara Aita Santua gurekin audientziarik eskatzeko.

Bigarren erronka nagusia, berriz, herri parte-hartzaileagoa lortzea izango litzateke, baina horretarako beste alderdietan ez dugu borondate errealik. Araututa dagoena bakarrik egiten dute, gehiago egiteko aukera legalak egon badaudela jakin arren.

Beraz, gobernu-aukera ezkertiarra eta parte-hartzailea izatea da EH Bilduren proiektuaren oinarria.

Bai. Benetako aukera ezkertiarra izan nahi dugu Zornotzan, politikariok bakarrik erabakiko ez dugun organoak erraztuz eta ahalbidetuz. Honekin esan nahi duguna da edozein arazok kaltetutako pertsona edo kolektiborekin adostuta hartu behar ditugula erabakirik egokienak. EH Bilduk bide hori errazteko lan egingo du, izan ere, ezinezkoa da 17 zinegotzik 18.500 biztanlek baino gehiago jakitea.

Hirigintzari dagokionez, Zornotzak eraldaketa nabarmena izan du azken urteotan. Baina polemika ere piztu da. Herritarrak nahiz dendariak kexu dira aparkaleku faltagatik.

Gai honekin oso kezkatuta eta deseroso gaude. Estetikoki herri erakargarria eta polita izatea izan da gobernu taldearen (EAJ) helburua, baina 18.000 biztanletik gorako herri batek funtzionaltasuna behar du, eta aparkaleku falta funtzionaltasun ezaren adibide garbiena da.

Gure ustez, gobernu taldeak aurreikuspen falta izan du. Jendea osoko bilkuretara kezkatuta joan denean, herritarrek idatziak sartu dituztenean, gaia komunikabideetan atera denean, orduan hartu dituzte erabakiak. Baina erabaki erreaktiboak izan dira, ez aktiboak, eta hori aurreikuspen faltagatik da. Herritarren parte-hartzea gehiago landuko balute, beste egoera bat biziko genuke herrian, inprobisazio gutxiagorekin, eta gure giltzarria hori da: parte-hartzerako bideak garatzea.

Baina aparkaleku faltaz gain, badago beste arazo handi bat. Egundoko desoreka dago erdigunearen eta periferiaren artean. Zentroa, estetikoki, erakargarria eta polita da, baina auzo batzuk erabat abandonatuta daude. Adibidez, Astepe edo Tantorta bezalako auzoetara oinez joatea besterik ez dago hori horrela dela ikusteko. Auzo horiek aspalditik behar dute eraberritze proiektu bat.

Uztaileko datuen arabera, 1.228 langabe daude Zornotzan. Zer egin dezake Udalak langabeziaren arazoari aurre egiteko?

Errealitate gordina hori da. Senideren bat, auzokideak, lagunak… Denok ezagutzen dugu langabezian dagoen norbait. Egoera oso larria da eta arazo honi erantzuteko Ekonomia eta Enplegu Sustapenerako Batzordea baliatzea zen hasiera batetik geneukan ideia nagusia, baina EAJk batzorde hori kendu egin zuen eta bere funtzioak orain ez daude batere argi. Beste udaletxeetan egiten bada, bai euren kabuz, baita garapen agentziez baliatuz, zergatik ez hemen? Batzuetan ematen du EH Bilduk proposatutakoaren aurrean EAJk ezezkoa eman behar duela beti. Baina, zailtasunak zailtasun, guk helburu horrekin lanean jarraituko dugu.

OHARRA: 2014ko urrian egindako elkarrizketa