1950

EstiSarriEginahalak egin ondoren lortu dugu, bai; badaukagu gizakion omenean izendatutako garai geologikoa: Antropozenoa. Giza dibertsitatea ez da, ordea, dinosauro-dibertsitatea Jurasikoaren adierazleetariko bat dan moduan, Antropozenoaren ezaugarri bereizgarria; guk sortu eta lurrazalean pilatu diren/doguzan hondakinen dibertsitateak bereizten dau garai geologiko barria.

Hala erabaki edo proposatu dau geologo adituen talde batek pasa dan abuztuan, eta 1950. urtean ezarri dabe haren hasiera. Hartara, 67 urtetik gora daukazuenok, bi mende ezezik, bi garai geologiko ere ezagutu dozuez: Antropozenoa eta Holozenoa! Ez dakit, ordea, txapligoak botatzeko moduko albistea dan; azken finean, “kaka” ekoizle bikainak izan garala (eta garala) agerian itxi dabe datuek.

Gaur egungo hondakinen politikak, gainera, neurri batean, Antropozenoa indartzera bideratuta dagoz. Hondakinik ez pilatzeko zenbaitzuk bultzatzen daben errauskailuak, adibidez, ikuskorrak diren hondakin solido batzuk, bai, begi bistatik desagerraraztea lortuko dau momentuan, lurrazalean eta gure gainean iraungo daben bestelako hondakinak sortu alde, baina ez dautso epe luzerako konponbiderik jarriko arazoari. Ez behintzat errauskailua martxan mantendu eta errentagarria izateko hondakin-kopuru minimoa behar danean.

Bostgarren, seigarren eta zazpigarren kontenedorea ere jarri daitekez, baina erretzeko makinok funtzionatzeko “kaka piloa” behar daben bitartean, politikoek nekez egingo dabe hondakin gitxiago sortzeko ahalegin seriorik. Norbanakoon borondate ona eta unean uneko urtenbide errazak baino zertxobait gehiago behar da arazoari errotik ekiteko.

Ausardia behar da inertziagaz amaitu, ohiturak aldatu eta horrenbeste entzuten dan benetako garapen jasangarriaren alde egiteko moduko politikak bultzatzeko. Azken finean, ez da horrenbeste behar ohitura berriak hartzeko; izan be, Holozenoa ezagutu ez omen dodan arren, gogoan daukat gaseosa botila hutsak dendara bueltatu eta peseta batzuk jasotzen genduzan sasoia. Derrigorrean edo inposizioz, baina, dendara bueltatzeari itxi behar izan geuntson.