2016ko Udal Aurrekontuen aurka bozkatu dute EH Bilduk eta Hiri Ekimenak

Amorebieta-Echano_-_Ayuntamiento_22016ko Udal Aurrekontuak onartu dituzte EAJk eta PSEk; EH Bildu eta Hiri Ekimena kontra agertu gara. Urtero legez, aurten ere aurrekontuak adosteko negoziaketetan gure programaren oinarriak eta marra gorriak kontutan hartu eta gobernu taldeari ondorengo proposamen eta eskariak egin dizkiegu:

  • – Kargu publikoen soldatak eta dietak % 20 murriztea.
  • – Auzotean inbertsio berri gehiago, Astepeko inbertsioa kenduta (larrialdi egoera) ez dago ezer.
  • – Bideak konpontzeko diru gehiago.  
  • – Musika eskola garestiegia da, 2,5 milioi 3 urtetan gehiegikeria iruditzen zaigu eta merkeago egin behar da. Adreiluaren erabilera neurtua proposatzen dugu gure programan.

Arreibiko eraikina ere saldu nahi dute, 1,2 milioigatik. Gu Udal ondarea saltzearen kontrakoak gara. Gainera, ez dago beharrizanik; horrek herria deskapitalizatzen du. Uste dugu erabilgarria eta, agian, beharrezkoa izan daitekeen ondare bat saltzea arriskutsua dela.

Modu berean, aurrekontuaren hainbat partida kontutan harturik, azterketa eta lan teknikoetan 564.200€ gastatuko dira guztira, zertan gastatuko diren azaldu gabe. Zer dago horren atzetik? Ez al dugu Udalean profesional eta teknikari nahiko azterketa eta lan tekniko hauek egiteko? Bost urte daramatzagu horrelako egoerekin eta gardentasun falta deritzogu.

Gobernu taldearekin izandako negoziaketetan ez genuen inolako akordiora heltzeko aukerarik izan, beraz, emendakinak aurkeztu genituen. Beste behin, ezezkoa jaso genuen Ogasun Sailean.

Beraz, hasieran aipatu bezala, gure oinarri eta marra gorriak oso ondo zeintzuk diren badakigu. Ezin diegu uko egin, eta hortaz, ezezkoa bozkatu dugu.

 ZERK HARRITU GAITU?

Abenduaren 4ean egindako Osoko bilkuran, sartu berri garen 2016. urteko Udal aurrekontuaren bozketa izan genuen. Alderdi bakoitzak bere jarrera eta ikuspuntua defendatu eta bozketara jo genuen.

Aurrekontua onartuta geratu zen EAJ eta PSEren botoei esker (9 alde – 8 kontra). EH Bilduko zinegotziok kontra bozkatu genuen, bata Hiri Ekimeneko ordezkariek ere.

Baina egun horretan gehien harritu gintuena zera da: alderdi bakoitzak bere irizpideak plazaratu zituenean EAJk bere ikuspuntua ez defendatzea. Egun, oraindik, ulertzen ez dugun zerbait da. Ez dakigu isiltasun horren zergatia nondik datorren. Agian, argudio faltagatik izango da eta horretarako PSE morroi lanak egiteko erabili zuen. Ez gara beraien sukaldean sartuko, baina harritu egiten gaitu estatutu ezkertiarrak dituen alderdi batek honakoa babestea 1.023 langabetu dituen herri batean:

Goi kargu, liberatu eta alkatearen soldatak, jardun osora, 53.000-67.000€ bitartean egotea urtean.

Zuk, irakurtzen zabiltzan horrek, zenbat irabazten duzu urtean? Bada, egin kalkuluak eta hausnartu.