Boroako zentrala mehatxua da herritarrentzat, Greenpeacen esanetan

????????????????????????????????????Greenpeacek egin duen Ingurumenaren Erradiografia Sozialaren Txostenaren arabera, zentral termikoaren ondorioz, Boroa Euskal Herriko puntu beltzetako bat da.

Erakundeak ziklo konbinatuko zentral termikoen alde Bizkaian egindako apustua gaitzetsi du. Horrez gain, txostenean adierazten denez, negozio batzuen etekina ez da ingurumenaren kalterako soilik, baita jendartearen osasunaren kalterako ere.

Boroako zentral termikoarekin batera, mota berekoak diren Zierbenako eta Santurtziko zentralak ere mehatxu gisa sailkatu dituzte. Horiez gain, Lemoako zementu-fabrika, Zabalgarbiko erraustegia eta beste hainbat puntu beltz identifikatu dituzte Euskal Herrian. Mehatxu larriena Muskizko Petronor lantegia da, Greenpeacen ustetan.

Bestalde, ekimen positiboak ere aipatu ditu txostenean Greenpeacek, besteak beste, zaborra biltzeko atez ateko sistemaren eraginkortasuna azpimarratu du erakundeak. Izan ere, Gipuzkoa eta Nafarroako zenbait herritan zaborra biltzeko sistema honi esker, birziklapen kopuruak eta bilketa selektiboak gora egin dute.