Beste autobide elektriko baten mehatxua Amorebieta-Etxanon

Amorebieta-Etxano izango omen da goi-tentsioko linea elektrikoen dentsitate handiena duen Euskal Herriko udalerria. 22,3 km soilik oso goi-tentsioko linea (Gatika- Itsaso 400 kV eta Abadino-Basauri 220 kV) eta goi-tentsiokoetan, Belatxikietako magalean eraikitzen ari diren 400 kV-ko Gueñes-Itsaso linea elektrikoa kontuan hartu gabe.

Hau gutxi ez eta udalerria zeharkatuko duen beste linea elektriko bat dago mahai gainean, Altsasutik Gatikarainoko oso goi-tentsioko linea (50-70 m garaierako 14 dorrerekin), zeinen helburua den Zaragozan –bai, ondo irakurri duzu, Zaragozan!- aurreikusten diren parke eoliko eta fotovoltaikotan sortutako energia Gatikan konektatzea sarera. Txantxa bat dirudien arren, ez da; izan ere proiektua duela aste batzuk jarri da jendaurrean.

Surrealista da “energia berdearen” izenean ehunka kilometrotan zehar hiru autonomia-erkidego zeharkatuko dituen linea bat eraiki behar izatea.

Beste behin, interes ekonomikoa nagusitzen da gizarte- eta ingurumen-interesaren gainetik; izan ere, bai Gueñes-Itsaso, bai linea berri honen helburu nagusia baita Espainiako Estatuan sortutako energia-soberakina Europarantz ateratzea, hau da, Espainian sortutako energia berriztagarria Europari “saltzea”. Berdez margotzen badigute ere, horrek asko saltzen baitu, negozio hutsa da.

Zornotzarrak pribilegiatuak gara; hirigunetik oinez 5 minutu eskasera, naturaz goza dezakegu, Bizkargi iparralderantz, Aramotz mendilerroa hegoalderantz. Baina egunerokotasunean landa-inguruneari bizkarra emanda bizi gara eta konturatu orduko, sekulako dorre eta segurtasun-kaleak izango dituzten bi linea elektriko hauek gure mendi kuttunak zeharkatuko dituzte. Horien azpian zuhaitz eta zuhaixka oro moztuko da, paisaian bi orbain handi sortuz. Gure begien aurrean paisaia desitxuratzeaz gain, bestelako eraginak izango dituzten orbainak, batez ere basa-bizitzari dagokionez (hegaztiak izango dira kaltetuenak), Urdaibai eta Urkiola arteko korridore ekologikoan.

Zentral termikoa, AHT, Autzaganeko tunela, Gueñes-Itsaso linea elektrikoa… Ez dago gure udalerriari eragiten ez dion megaproiekturik. Agian nahikotuta gaude, ez duzue uste? Zornotzarrok planto egin eta gelditzen zaigun apur hori babesteko momentua iritsi da. Ez ditzatela gure mendiak altzairuzko azpiegitura erraldoiez bete.