Amorebieta-Etxanoko jaiak laburragoak izango dira aurten: uztailaren 14tik 22ra

Amorebieta-Etxanoko jaiak uztailaren 14tik 22ra ospatuko dira aurten. Ofizialki, jaietako betiko egutegiari eutsiko zaio: txupinazoa uztailaren 15ean izango da eta uztailaren 27an Santanatxu ospatuko da.

Alabaina, praktikan jaiak laburragoak izango dira; izan ere, Udalak hala erabakita, jai-programazioko ekimen guztiak uztailaren 14tik 22ra bitartean gauzatuko dira. Beste era batera esanda: uztailaren 23an, 24an, 25ean eta 26an ez da ezer egongo.

Gainera, txupinazoaren bezperan, uztailaren 14an, txosna-guneak irekita egongo dira eta kontzertuak izango dira.  Uztailaren 27an, berriz, Santanatxu Eguna ospatuko da.

EH Bilduk bi urte daramatza Amorebieta-Etxanoko jai-eredua agortuta dagoela ohartarazten eta formatu horrek aldaketa sakona behar duela esaten. Herriko jaiak berpiztuko baditugu, eredu berri bat lantzea eta adostea ezinbestekoa dela esan dugu sarritan.

Ildo horretan, jai-eredu berria eztabaidatzeko proposamen bat egin genuen eta dokumentu hori Kultura Batzordeko eta Jai Batzordeko ordezkariei helarazi genien. Proposamen horretan, besteak beste, egutegia laburtzearen alde egiten dugu, egungo errealitatea aintzat hartuta, jaiak luzeegiak direla ulertzen dugulako.

Gauzak horrela, EH Bilduk begi onez hartu du jaiak laburtzeko erabakia. Egia da guk egiten dugun planteamendutik urrun gaudela oraindik, baina jai-eredu berri bat sortzeko bide luze horretan urrats bat eman dela uste dugu.

Bestalde, EAJren udal-gobernuak erabaki hau publiko egiteko modua kritikatu behar dugu. Aldaketa garrantzitsua da eta herritarrei ez die behar bezalako azalpena eman. Komunikabideen bidez zabaldutako albisteetan “aldaketa” hitza edota “jaiak laburragoak” izango direla esatea saihestu du. Zergatik?

Udaletxean ordezkaritza dugun alderdi guztien artean erabaki dugu aurten jaiak laburragoak izatea eta uztailaren 14tik 22ra ospatzea. Eta alderdi guztien artean erabaki dugu egun batzuk geroago, uztailaren 27an, Santanatxu ospatzea. Gauzak argi eta garbi azaldu behar zaizkie herritarrei.