Amorebieta-Etxanoko jaiek aldaketa sakonak izango dituzte 2017an

txupinazioa2015-4Datorren urtean egutegia aldatzea aurreikusita dute Udaleko alderdi politiko guztiek eta horrek egitaraua aldatzea ekarriko du. Beraz, aurtengo jaiak erabakigarriak izango dira zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikusteko. Aldaketa sakon hori gauzatzeko herritarren iritzia jasotzea ezinbestekoa izango da eta, ondorioz, hausnarketarako eta parte-hartzerako deia luzatzen diegu zornotzar guztiei.

Uztaila ere heldu da, eta uztailarekin batera Amorebieta-Etxanoko jaiak ere. EH Bilduk festez gozatzeko gonbitea luzatu nahi die herritarrei. Baina, aldi berean, arduraz jokatzea eta errespetuz gozatzea eskatzen die denei.

Urtebete joan da. Urte sasoi denak bere gazi-gozoekin, poza eta tristurekin, garaipen eta erorikoekin, lan mundura murgiltzen batzuk, ezberdinen artean berdintasuna aldarrikatuz, benetako bakea amestuz eta landuz, Europar Batasunaren jokabide arduragabearen aurrean errefuxiatuei elkartasuna eta eskua zabalduz… Gai hauekin guztiekin, eta beste askorekin,  Amorebieta-Etxano onena ereiten eta egiten.

Eta horretan gabiltzala iritsi zaigu jaietarako tartea, hain gureak diren Amorebieta-Etxanoko Jaiak, kolore eta kultura ezberdinak gozatzeko ekimenekin, kontzertu eta erromeria ezberdinekin, txosnen gunea bere aldarrikapenarekin… 13 egunez, kaleak alaitasunez, umorez eta dibertsioz beteko ditugu, herriko eragileen, Udalaren eta beste askoren laguntzaz herritar orok ondo pasatzeko antolatutako festa hauetan. Eta, jai giro horretan murgilduta, ezin dugu ahaztu emakumeak errespetatzea funtsezkoa dela.

Jai erabakigarriak izango dira datozenak. Udaleko alderdi guztiek adostuta baitute, eta hala jakinarazi zen antolaketa lanetan ibili den jai-batzordean, 2017ko jaietarako aldaketak burutzea. Egutegi aldetik aldaketak aurreikusten dira eta egitaraua baldintzatuko du horrek. Aldaketa horretan ezinbestekoa izango da zuen iritzi eta parte-hartzea.

Beraz, jai hauek inflexio puntu bat izan behar dira zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikusteko. EH Bilduk hausnarketa hori egitera animatzen zaituzte, etorkizunean jai berri eta parte hartzaileagoak  izatea amestetik errealitate egiteko aukera izango dugulako oraingoan.

Gurekin ezin egon edo egongo ez diren haiek (senide, lagun, herritarrak) ere gogoratuko ditugu eta gurekin izango ditugu jauzi, doinu eta irribarre bakoitzean.

Bejondeizuela denoi!

Gozatu errespetuz eta errespetuan gozatu!

Gora Amorebieta-Etxanoko jaiak!