Ander Uriarte izango da Zornotzako EH Bilduren alkategaia 2019ko udal-hauteskundeetan

Ander Uriarte Pujana.

Alkategaia aukeratzeko EH Bilduk urrian egindako barneko prozesu parte-hartzailean zortzi hautagai aurkeztu dira. Hauteskunde zerrenda osatuko duten pertsonak izendatzeko prozesua martxoan izango da.

Bi legegintzaldi eta gero, Urko Lopez Odriozolak Zornotzako EH Bilduren ordezkari eta bozeramaile izateari utziko dio, eta Ander Uriarte Pujana izango da koalizio ezkertiar eta soberanistaren alkategaia 2019ko udal-hauteskundeetan, Amorebieta-Etxanon.

Ander Uriartek 45 urte ditu, fabrikazio mekanikoko goi-teknikaria da. Urritxen dagoen Zornotza Lanbide Heziketako Zentroan da irakasle, eta 2015-2019 legegintzaldian, EH Bilduko zinegotzia da Amorebieta-Etxanoko udaletxean.

2018ko urriaren 15etik 28ra bitartean egindako barneko prozesu parte-hartzaileari esker zortzi pertsona proposatu ziren Zornotzako EH Bilduren zerrendaburu izateko.

Barneko Hauteskunde Prozesuaren Jarraipen Batzordeak baldintza eta berme guztiak betetzen zirela egiaztatu ostean, EH Bilduko ordezkaritza batek balizko hautagai guztiekin banan-banan hitz egin zuen. Zortzi lagun horietatik bi agertu ziren prest erronkari heldu eta prozesu honetan aurrera egiteko: Ander Uriarte Pujana eta Iñaki Iza Zarazua.

Iñaki Izak, batez ere bere esperientzia eza argudiatuz, nahiago izan du Ander Uriarteren ondoan udal kontuez jantzi, eta ikasten doan bitartean, erronkari elkarrekin aurre egitea, talde bezala.

Hortaz, datorren legegintzaldian Ander Uriarteren udal-taldean izateko gogotsu azaldu da, EH Bilduren oinarri sozialak hala erabakitzen badu behintzat.

Horrenbestez, Ander Uriartek aurkeztu ditu jada zerrendaburu izateko beharrezkoak diren abalak eta bera izango gure alkategaia 2019ko udal-hauteskundeetan.

Zinegotziak, martxoan

Zornotzako EH Bilduren hauteskunde zerrenda osatuko duten pertsonak proposatzeko eta izendatzeko prozesu parte-hartzailea 2019ko martxoan egingo dugu.

Alkategaia aukeratzeko egin den moduan, bigarren fase horretan parte hartzeko ere ezinbestekoa izango da EH Bilduren barneko erroldan izena ematea: elkarrekin.ehbildu.eus

Behin barneko aplikazioan izena emanda, hauteskunde guztietarako (herrikoak, autonomikoak, Estatukoak eta Europakoak) zerrendak osatzeko prozesuetan parte hartzeko aukera izango duzu, baita EH Bilduren informazioa nahieran kontsultatzeko aukera ere.