Asmatu?

Ezker abertzaleak ziklo politiko berria zizelkatzen hasia du harria lantze bat bailitz… lanketa desberdina harri berdinean, aurretik genituen helburu berberak baitira. Asmatzea hartu daiteke eragiketa matematiko bat bezala, baina gakoa dago zenbakiak nola dantzan ipini, hots, lanabesak eta metodoak.

Panorama politikoan zerbait berria azaltzen zaigunean sarri erabiltzen den aditza asmatzearena izaten baita, asmatze kontu soil bat bailitz. Baina asmatzeak zein borondateak atzean akuilua behar du, gauzak, proposamenak edota helburu txikiak hezurmamitzen joan ahal izateko.

Diseinu argi bat azaltzeak lapikoan sartu den heltzeari sua ipintzea da eta horretan hazten joateko ezinbestekoa dugu datorren ekainean Gure Esku Dagok antolatu duen giza katean parte hartzea. Lerro nagusietan bideratze on bat izateak ilusioa zabaltzen du ordezkatu nahi den komunitatean.

Hala ere, nago, gakoa obeditzean edo borrokatzean datzala. Obeditzeak euren normalizazioa sustatzea du ardatz eta helburu. Batzuk pentsa dezakete zeharkako obeditze batekin ere aurrera pausuak ematea posible dela, baina hemen gauza garbi zein argi bat azaltzen zaigu behin eta berriro, hots: erabaki behar da nola irabazi. Helburuak argi izanik aukeratu behar da bidearen nolakotasuna, lanabesak, eremu politikoa gorpuzten joan ahal izateko.

Izan ere, asmatze kontu bat baino zerbait gehiago dago jokoan. Lerro politikoak argi azal daitezke baina komunitateak espiritua barruratu behar du, borroka izpiritua, alegia. Hemen eta gaur espiritu hori desobeditze borrokak hartu behar du; horretan sakondu behar da, horretan lanketa trinkoa behar da egin euren normalizatze-asimilatze prozesuan erortzerik gura ez badugu.

Estatuak egunerokoan ezartzen digu indarkeria euren legedia medio. Erabakitzeko eskubidea onartzen ez duten bitartean biolentzia aplikatzen ari dira. Hori ozen esan beharra dago. Eta guk horren aurrean ezin dugu kikiltze forma bat hartu. Gure esku dago nola eta zer erabaki… irabazteko, alegia.