Bakardadea lagun

Gazteok bakarrik egoten ez dakigula entzun izan dut noizbait. Desadostasuna adierazi dut beti. Ostiralean, ordea, eguzki izpiak aprobetxatzeko herritik bueltaka nenbilela, bazter guztiak erreparatzean konturatu nintzen agian ezetz, ez dakigula, edo akaso, ez dugula nahi. Aisialdia taldean, hausnarketak taldean, ikasi taldean, kafea taldean… bakarrik egotea saihesten dugu sarritan. Agian komunean ere taldeka amaituko dugu. Hain tragikoa al da bakarrik egotea? Bakardadeak erasotu eta jango gaituen beldur gara, ala?


Jakinminak jota “bakardade” hitza bilatu dut harluxet hiztegian, honakoa dio: “bakarrik dagoen edo egon ohi den pertsonaren egoera”. Ez  naiz ados agertu berriz ere. Pentsatzen jarri naiz, eta bakarrik ez dagoena ere bakardadean egon daitekeela otu zait. Denok sentitu baikara noizbait bakartasunean, jendez inguratuta egon arren. Ala ez? Kakotxa artean doazen “lagunez” inguratuta gaudenean bezalaxe. Horregatik, bakarrik emandako denborari esker, ikasi nuen loratzen ez gaituen orok bideratuko gaituela bakardadera. Hau ulertu ostean, egundo ez naiz bakardadean sentitu bakarrik egonda ere.

Kontrara, bakarrik egoten ez dakiena nekez sentituko da inguratuta, norbere burua ezagutzea ere ibilbide luzeko lan handia delako.”Gudu zelai bihurtzen denean norbera, irabaztea zer da? Zer galera?” dio kantu batek. Barreneko gudei su etena eman eta gure burua lagun egin arte, ez dago aurkitzerik. Honetan sinistean, zuk erasotu eta jango duzu bakardadea, eta ez duzu inoiz berriro haren beldurrik izango.

“Bi bakardadek ez dute bikote ona egiten” dio beste kantu batek, baina bi bakardadek, bikote bikaina egiten dute. Ez baitago bakardadea baino lagun hoberik, eta ez jakinarena egiten ibili bazara ere, barrenean badakizu.