Benetan Berdeago?

Berdeago azoka ospatu zen aurreko hilabetean Durangon; ez dago esan beharrik, izenak berak argi uzten baitu, ingurumenarekin zerikusia duela, ingurumen iraunkortasunarekin, hain zuzen. Eta iraunkortasunari keinu bat egite aldera, boltso bat erosi nuen; bai, kotoi ekologikoz eta berrerabilitako materialez egindako boltsoa, polita benetan!

Ezin esan, ordea, pozik nengoenik; erosteaz batera, boltsoa benetan behar nuen galdetzen hasi baizitzaidan barruko arra. Kontsumo arduratsua, kontsumo arduratsua errepikatzen zuen, 30 eurotik gorako erosketa egin ezkero, halakoa edo bestelakoa jaso nezakeela opari irakurtzen nuen bitarten.

Ohiko merkatua zirudien hark, eta zalantza bapatean: behar-beharrezkoa soilik erostea baldin bada kontsumorik arduratsuena, eta hori bada ingurumen iraunkortasunaren ardatz, nola izan daiteke Berdeago bezalako azoketan, kontsumo eza aldarrikatu ordez, kontsumoa bultzatzea?

Boltsoaz aspertzen naizenean, jakinaraziko dizuet.