Birziklatzea abantaila da, baina Udalak ez du horren aldeko apustua egiten

hondakinakEz da gauza berria: birziklatzeak abantaila piloa ditu. Zakarrontzira botatzen dugun gehiena birzikla daiteke; baina horren atzetik ahalegin asko egin behar da. Ia material guztiak birzikla daitezke: papera, beira, metala, plastikoa, etxeetako gailu elektrikoetakoak…

Zornotzako birziklapen tasa %19,5koa da eta 10 urteren buruan %5 bat soilik igo da. Inguruko herrien birziklapen tasa %30 ingurukoa izanik datu horiengandik oso urrun gaude.

Nabaria da hondakinen inguruan kontzientziazio falta handia dagoela gurean. Azken bizpahiru urteetan Udalak ez du ezer inbertitu gai honetan eta egun ditugun datu kaxkarrak horren erakusle dira. Ez da birziklapena sustatzeko kanpainarik egin, zenbakiak agerikoak dira eta sortutako hondakin kopurua ere kezkagarria da. Amorebieta-Etxanon biztanle bakoitzeko 1,05 kg zabor sortzen dugu eguneko. Kopuru hau ere mantentzen ari da azken urteotan.

Kontsumoan oinarritutako gizarteak nolabaiteko irtenbidea eman behar dio hondakin gisa geratzen zaion material guztiari. Eskasiak birziklatzea sustatzen du eta oparotasuna, aldiz, horren etsaia da.

Behar beharrezkoa ikusten dugu kontsumo eta birziklapen kanpaina indartsu bat abiatzea, baina zail ikusten dugu Udalean Ingurumen teknikariaren postua, orain urte bi hutsik gelditu zena, bete gabe jarraitzen duenean.