Egur gehiago, mesedez!

EstiUdabarri bete-betean gagoz, eta giroari erreparatuta antzik hartzen ez badautsagu be, basoak hasi dira berbizten: arbolak hostoak botatzen, baso azpiko landareak loratzen eta txoriak be kantariago dabiltza, kukua, bateren batzuk, behintzat, entzun ez badogu be. Pagadietan be ageri-agerikoa da aldaketa hori, eta atzoko mendi-bueltan ikaragarri disfrutatu baneban be, begientzako luxua da-eta halako basoetatik ibiltzea, batez be, baso azpiko landareak oraintxe hasi direlako loratzen, hainbestetan entzun/esan izan dogun “ez gagoz guztiak” leloa etorri jatan burura.

Hildako egurra bota neban faltan atzokoan, Euskal Herriko basoetatik ibiltzerakoan hainbestetan gertatu bezala; haizeak botatako adar mehe batzuk, bai, ikusten ziran han-hemenka basoan, baina usteltzen egoan hildako egur-hondar handien arrasto gitxi, ondo dakigun moduan, mendeetan erabili da-eta basoko egurra hainbat beharrizanetarako: sugarritarako, ikatzetarako edo untzigintzarako, besteak beste.

Urte batean bai, eta hurrengoan be, tomate zein porru mardulak batu gura ezkero, ortuetan, gitxi-asko, izan satsa zein abonu kimikoa, ongarria bota behar dala edonork dakien moduan, zenbatek ete daki lurrera jausi eta usteltzen dan egurretik lortzen dabela basoko landareek –zuhaitz, zuhaixka zein belar– hazteko behar daben ongarria. Ongarria ez ezik, makina bat animalia eta onddoren elikagai-iturria eta bizilekua ere bada egurra; basoaren geroa ziurtatu eta bertako bizia berbizten dauan txinparta!

Egurrak basoetan daukan garrantziaz ohartu eta bertan izteko aholkuak emoten hasi garenerako, ordea, beste mamu bat agertu da: pellet galdara; eta ez, bere horretan, gainontzeko galdarak baino txarragoa dalako, izan be, energia berriztagarria erabiltzen dau, eta garapen jasangarriaren ideiagaz bat letorke. Mamua dinot, halako galdara jartzen dauanak ingurumen kontzientzia daukala, ia ziur, jakin arren –poltsikoak astintzeko prest dagoenak nolabaiteko konbentzimendu sakona euki behar dauelako, gainontzeko galdarak baino garestiagoa baita pelletez dabilena–, ez daukadalako horren argi pellet-galdara saltzaileek edo pellet-egileek kontzientzia berdina ete daukien.

Orain arte egiten den propagandaren arabera, aroztegietako egur-hondakinekaz egiten da pelleta, baina mota horretako galdaren erbilerak gora egiten dauanean –zenbait herritan hasi baitira, dagoeneko, herriko ura udalerriko basoetako egurraz berotzeko ahaleginetan–, bildur naz gure baso “naturaletatako” egur-hondakin guztiak, handi zein txiki, bildu, eta pellet bihurtzen hasiko ez ete diran, gure etxeak 21 gradutan eukitzeko, baina tenperaturarena beste kontu bat da. Nik be, gitxiago kutsatu eta energia “berdea” erabiltzen daben berokuntza-sistemak gura dodaz, eta baita egur gehiago be, basoetan, jakina!