Elsa

xabi-gutierrezGizakiak etorkizunik ez zeukala eta desagertzea hoberena litzatekeela pentsatzen hasita nengoenean, kasualitatez, Elsa ezagutu nuen herriko portal batean.

Elsa bi pertsona zahar laguntzen ari zen portaleko eskailerak igotzen, bere ezkerreko besoan Maria zegoen, 85 urte baino gehiago zeukan eta barre egin zuen nirekin gurutzatutako hitz batzuk esatean. Elsaren eskumako besotik Manuel zihoan, Mariaren adin berekoa, eta oso eguraldi ona eta parkean oso ondo egoten zela komentatu zidan. Biei asko kostatu zitzaien eskailerak igotzea eta horregatik Elsaren laguntza ezinbestekoa zen.

Maria eta Manuel bakarrik bizi ziren, familiak ahaztuta eta laguntza barik, baina Elsa aurkitu dute, bere familia izango balitz moduan laguntzen eta maitatzen dituen pertsona. Elsaren familia, hain zuzen ere, Errumanian geratu zen eta gure herrira etorri da beste familia bat zaintzera.

Elsak zaintza eta etxeko lanetan aritzen diren andrazko migratzaileen %37 moduan, arazoak ditu lan baldintzekin, lanaldiarekin, soldatarekin eta kontratuarekin. Bostetik batek arazoak ditu oinarrizko beharrizanei aurre egiteko: janaria, jantziak, etxebizitza..

Dirua bidaltzen dute sorterrira etxeko lanetan ari diren migratzaile andrazkoen %55ek. Elsaren helburua ez da soilik bere burua mantentzea. Familia lagundu nahi du, etxera dirua bidaliz. Horregatik, ahalik eta diru gutxien gastatzen du hemen. Bere buruari oso prekarietate egoera gogorra ezartzen dio.

Estatistiken arabera, batez beste 630 euroko soldata garbia daukate. Oso soldata txikia da etxetik kanpo lan egiten duten emakumeen batez bestekoarekin alderatuta, hau da, etxeko langile migratzaileek erdia irabazten dute.

Elsa triste sentitzen da. Emakume migratzaileen lautik bat bakarrik eta triste sentitzen da. Beste arazo batzuk ere agertzen dira: lautik batek esan du baztertuta sentitzen dela arrazagatik, erlijioagatik edo migratzaile izategatik. Bostetik batek familiarengandik bananduta egotea aipatu du arazo gisa.

Etxeko lan ordainduetan diharduten langileen %95 emakumeak dira; gaur egun zoritxarrez, rolak ez dira aldatu, etxeko lanak, lan ordainduak badira ere, emakumezkoen lanak dira eta gainera diskriminatuta daude, lehendabizi, emakumeak direlako eta bigarrenik, atzerritarrak direlako.

Argi dago, beraz, sektorea hobetu egin behar dela, emakume horien lan baldintzak agerikoak egin behar dira, eta etxeko lanak lan duintzat hartzen hasi. Lan duinak ez diren bitartean, ez dira lan baldintzak hobetuko. Beste alde batetik, atzerritarren legea aldatu egin beharko litzateke.