Emakume langileak bai, baina kalitatezko enplegurik gabekoak

Zaloa IbeasGaur Martxoak 8 emakume langilearen eguna aldarrikatzeko aterako gara beste behin kalera.Izatez, oraindik ere ugariak baitira emakumeok gure bizitzaren esparru ezberdinetan pairatzen ditugun erasoak eta mota ezberdinetako diskriminazioak.

 

 

Eta aldarrikapen hauen artean, bat da gaur nik bereziki azpimarratu nahiko nukeena, Emakumeok lana soberan badugula, alegia, Eustatek atera berri duen ikerketaren arabera, emakumeok gizonok baino ordu gehiago lan egiten dugu (lana bere ikuspegi integralean kontuan hartzen badugu), baina lan hauen zati handi bat, aitortza ekonomiko eta sozialik gabeko lanak jarraitzen dute izaten. Aldiz, enplegua izateko eskubidea oraindik mugatua eta aukera berdintasunean eskuratzeko oztopoak handiak jarraitzen ditugu izaten.

Hau dela eta, ezin dezakegu esan egungo sistema kapitalista patriarkalak lana eta enpleguaren artean inposaturiko dikotomia horrekin amaitzeko aurrera urrats handirik eman direnik azken urteetan. Hare gehiago, krisiaren testuinguruan eta aitzakipean eman diren langileon kontrako erasoekin egoera hau zuzendu beharrean larriagotu egin dela baieztatu daiteke.

Besteak beste, Hego Euskal Herrian gizonek egindako lan ordu bakoitzagatik, emakumeek baino %25,1a gehiago irabazten dute, edo eta beste modu batean adierazteko, gure soldata %35,6 igo beharko litzateke gizonen soldatarekin parekatzeko. Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala honek, gaurko sistema kapitalista patriarkalak ezarri duen sexuen araberako lan banaketa iraunarazten duelarik.

Bestetik, Emakumeoi zaintza eta etxeko lanak egotzi izana, gure lan merkaturatzea oztopatu digu, eta era berean lan merkatu horretan aitortza eta maila baxuagoko lanetara bideratu gaitu. Oraindik ere emakumeak gara, lan merkatuan lan baldintza prekarioenak eta ezegonkortasuna pairatzen dugunak. Lanaldi partzialen % 77,8a guk betetzen dugu, eta gure behin behinekotasun tasa %27,9koa izanik.

Hortaz lana badugu, bai, baina enplegua nahi dugu! Eta ez edo nolako enplegua, bazik eta kalitatezko enplegua aldarrikatzen dugu.

Bide honetan, hierarkia harremanetan baino errespetuzko harreman justuago batzuetan oinarritutako jendarte eta sistema baten alde lan egiten jarraitu behar dugu, lanaren ikuspegi integrala barneratuz, lan guztien aitortza lortuz eta egungo sistemak ezartzen duen sexuen araberako lan banaketa gaindituko duen lan harreman eredu berria eraikitzeko.

Subjektu gara, geure buruaren jabe gara eta eskubideak ditugu. Dagozkigun eskubideen alde borrokatzen jarraitu behar dugu Prekarietatea gainditzeko, eta behingoz lanaren eta aberastasunaren banaketa justu bat erdiesteko.

Hau guztiagatik eta hamaika arrazoi ezberdin ditugulako, gaur eta beti, ekin iraultza feministari, batu borrokara, eta aldaketak feminismotk eraiki ditzagun, aldaketa feminista ez bada, ez delako benetako aldaketa izango!