Emakumeak eta genozidioa

xabi-gutierrezGenozidioa etnia, nazio, arraza eta erlijio bera duten pertsonen talde bat sistematikoki suntsitzea da, wikipediaren arabera. Ez zen gerra zibila, genozidioa baizik. 1936ko uztailaren 18tik militar espainol batzuen altxamendua garatu zen, Europako gobernu faxista batzuen laguntzarekin; Errepublikaren aurkako sedizio ekintza bat eta, are okerrago, arma eta babesik gabeko herriaren kontrako genozidio eta gizateriaren aurkako krimenak egin zituzten.

Behartutako desagerpen eta fusilatze kopurua ikaragarria da. Euskal Herrian, 9.000ra heltzen da, hau da, biztanleriaren % 4,7. “Fusilatzean bat da hiltzaile, isiltasunean denak” abestu zuen Amets Arzallusek.

Ama ezer kontatu gabe hil zen”. Etxe askotan entzun da esaldi hori. 1936ko genozidioaz aritzean gutxitan aipatzen da emakumeen jarduna. Ez ziren frontearen lehen lerroan izan baina gizartearen zutabe nagusia izan ziren hasieratik. Gogor zigortu zituzten horregatik. Ilea larru arrasean moztu, eta kakalarria eragiten duen errizino olioa edanarazi. Herriko kaleetan desfilatzera behartu andre horiek, gero. Eraso zuzenak, fisikoak eta zeharkakoak. Bortxaketak eta kartzela.

Faxistek Bizkaian okupatu zituzten herrietan moroen esku utzi zituzten emakumeak. Zornotzan, 30 emakume hartu zituzten eta mendira eraman, zortzi egunera eraman zituzten bueltan etxera, uzte izateko diren baldintzetan” Jaurlaritzaren txosten baten arabera. Hau adibidea besterik ez da, bortxaketa kopuruari ezin zaio zenbakirik jarri.

Gaur egun, Karmelo ikastetxea dagoen lekuan, Bizkaiko Zornotzakoa zen emakume kartzela garrantzitsuena, 1939tik 1947ra bitarte izan zituen espetxe funtzioak. Ez dakigu zenbat emakumek sufritu zuten espetxealdia, baina bai zenbat erail zituzten; 43 emakume eta 10 hilabeteko neskato bat. “Zuen ametsen oroitzapenarekin bideratzen dugu gure geroa” irakurri dezakegu ikastetxearen sarreran dagoen omenezko plakan.

Durangon, Santutxun eta Mutrikuko Saturraranen ere emakumeentzako espetxeak zeuden. Azken honetan 4.000 andre baino gehiago espetxeratu zituzten eta 120 emakume eta 57 haur hil ziren bertan.

Bakea galdu eta gero, zer gertatzen da gaur egun gure herrian? Zornotzako udalak 2010etik, urtero, maiatzaren 18 inguruan, “gerra zibileko hildako guztiei” omenaldi bat egiten die Zelaieta parkean dagoen plakaren ondoan. Omenaldi horretan genozidioa martxan jarrita demokraziaren aurka altxatu zirenak, eta errepresio bortitza jasan zutenak plano berean jartzen dituzte. Gernika, Durango, Otxandio, Zornotza… bonbardeatu zituztenak eta bonba azpian hil zirenak, bortxatzaileak eta bortxatuak, denak berdinak izango balira bezala.

Hori gutxienez ez da nire memoria, memoriaren borroka honetan, nirea frankismoaren aurka frentean borrokatu eta fusilatuta hil ziren 15 zornotzarrekin dago, eta emakume izate soilagatik errepresio bortitza sufritu zuten emakume guztiekin. Orduko eta gaur eguneko emakume zapalduen aldean nago, genozidak nor diren eta nor omendu behar den argi daukat.

emakumea-eta-genozidioaJosteko tailerra Zornotzako kartzelan