Espazio publikoaren erabilera eta elkarbizitza arautuko duen Ordenantza parte hartzea sustatu gabe onartu du udal gobernuak

Ostiraleko osoko bilkuran onartu zen Espazio Publikoaren eta Kaleko Salmentaren Ordenantza murriztailea eta diskrezionala dela deritzogu eta aurka bozkatu genuen EH Bilduk. Proposatu genion parte hartze prozesuari ez ikusiarena egin eta inplikatutako guztien ekarpenak jaso gabe sortu dute araua.

Ostiraleko osoko bilkuran Espazio Publikoaren eta Kaleko Salmentaren Ordenantza onartu zen EAJ eta PSEren baiezko botoekin eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen ezezko botoekin. Denona den herriko espazio publikoaren erabilera eta zornotzarron elkarbizitza arautzen duen ordenantza bulego batean garatu delako eman diogu ezetza Zornotzako EH Bilduk. Udal gobernuak ostalari batzuekin bilerak izan dituela esan du, baina ez dakigu bilera horiek noiz edota norekin izan diren, ezta haietan zein ekarpen edo iradozkizun jaso diren ere.

Hau ez da gure lan egiteko modua. Horrelako ordenantza baten garapenean inplikatutako guztien parte hartzeko aukera bermatuko duen prozesu parte-hartzaile garden bat jarri behar da abian, herritar, ostalari, merkatari, elkarte eta eragileen parte-hartzea sustatuz, tokiko garapen iraunkorraren eta elkarbizitzaren arteko oreka bilatzeko helburuarekin.

Hau dela eta, proposamen konkretu bat egin genion Udal Gobernuari; prozesua berrabiarazi zezan, 3 fasetan banatutako prozesu parte-hartzaile bati bide emanez:

  1. Herritar, merkatari, ostalari, elkarte eta eragileen behar, iritzi, bizipen eta proposamenak identifikatzea; inkesta, galdetegi eta aurrez aurreko bilerak uztartuz.
  2. Aipatutako inplikatuekin, esparru ezberdinak jorratzeko parte hartze saio irekiak burutzea.
  3. Zirriborroa osatu eta hura udal taldeei helarazi, batzordean ekarpenak egiteko aukera zabalduz.

Udal gobernuak gure proposamenari muzin egin dio, gutxieneko errespeturik erakutsi ere egin gabe eta ez entzunarena eginez. Ez dugu zalantzarik prozesua horrela egin izan balitz adostasun zabala izango lukeela. Uste dugu berebiziko garrantzia duela elkarbizitza arautuko duen ordenantza batek ahalik eta babesik zabalena izatea eta ez hau jaio den bezala sortzea, hankamotz.

EH Bildun ordenantza murriztailea eta diskrezionala dela deritzogu, hainbat aspektu momentuko erabaki politikoaren esku uzten baititu.

Orain, hurrengo 30 egun baliodunen epean, hots, maiatzaren 8ra arte, ordenantzari helegiteak jartzea beste aukerarik ez dugu. Edozein herritar, elkarte edo eragilek jarri ditzake helegiteak. Datozen egunetan, herritarrei ordenantzaren berri emateko ahaleginak egingo ditugu. Ordenantza irakurtzera gonbidatzen zaituztegu, eta beti bezala gurekin harremanetan jartzeko bideak irekiak dituzue, edozein zalantza, iradokizun edo behar helarazteko.

ORDENANTZA