Hilerriak beti dira memoria!

Denboran zehar metatzen goazen horri dei diezaiokegu memoria, eta metatutako horrek kolektibotasunari izena ematen dionean, memoria historikoa. Esaten da igarotako urak ez duela berriro errotarik mugitzen, baina giza pertsonak askotan bere iragana behar du orainari zentzu oso bat emote aldera.

Memoria historikoari lotuta, jakina da gure herriko hilerrian Gerra Zibileko hainbat gorpuzki aurkitu direla; gudarien eta milizianoen gorpuzkiak, hain zuzen ere. Baina oraingoz ez dira bukatu lur-arakatze lanak eta gehiago agertu daitezkeelakoan daude Arantzadi zientzia elkartekoak.

“Iragana ahaztu barik” ipini dio titularra herriko astekariak, baina nago denbora larregi igaro dela iragana gaurkotu barik, batez ere lurperatuta dauden senideentzako. Eta nago ere, horrek sor ditzakeen galderak baten batek erantzun beharko lituzkeela, kasu honetan azken hamarkadetan instituzioen boterea eskuartean izan dituztenak.

Aspalditik jakina zen Amorebieta-Etxanoko hilerriko eremu horretan Gerra Zibileko pertsonak lurperatuta zeudela, eta, hori horrela izanik, galdera zuzena egin daiteke: Zergatik orain? Are gehiago, zergaitik orain arte ez dira lurrak (iragana) arakatu?

1979an egin ziren frankismo ondorengo lehendabiziko hauteskunde munizipalak, eta gerora igaro diren 44 urtetan alderdi politiko berdinak eta bakarrak izan du alkatetza gurean. Lau hamarkada luzeetan zeri itxaroten egon dira?

Pentsa daiteke hasierako urte haietan beldurra zegoela Erregimen zaharraren atzaparrak luzeak zirelako eta horrelako betekizunak pertsonentzako arriskua zekartelako. Baina urte gehiegi igaro dira, larregi gure memoria historikoa berreskuratzen joateko.

Aurrekoan Saturraranen egon nintzen1938tik 1944rarte emakumeak gatibutzeko zegoen kartzela eremuan. Memoria bizia ez ahanzteko Eusko Jaurlaritzak han preso egondako emakumeak omentzeko oroitarrira gerturatu, eta 2007ko urtarrilean eraiki zutela ikusi nuen. 1979tik orain arte… atera kontuak. Baten batek pentsa dezake inoiz ez dela berandu eta horrela da, baina lurperatuta daudenak memoriaren aztarna bizia direnez, instituzioen aldetik ahalik eta prestutazun haundiena merezi dute.

Arantzadi elkartekoak ondo baderitzote, ez legoke txarto, hurrengo batean bueltatzen direnean lur-arakatze lanekin segitzera, herriak babes apur bat gehiago eskainiko bagenie eta egin behar diren lanetan laguntza eman.

Iraganak espero dezake, baina lurpean dauden aztarnak identifikatzeko denbora joan daiteke…