Hileta zibilak egiteko aukera izango da Zornotzan, EH Bilduk bultzatuta

EH Bilduren ekimenez eta herritarren eskariz, talde politikoak elkarlanean ari gara hileta zibilak erregulatzen dituen araudia egiteko. Behin-behineko proiektuaren arabera, udaletxeko Etxano Aretoan egingo dira hileta zibilak. Salbuespen kasuetan, alkateak baimena eman dezake beste leku batean egiteko.

Heriotza baten osteko agur zein omenaldi zibilak egiteko erabiliko dira aipatutako espazioak. Horretarako, eskatzaileek beharrezko agiriak aurkeztu beharko dituzte. Horrez gain, ekitaldian ezin izango da gorpurik egon; bai, ordea, errauts-kutxatila.

Lekua modu berezian apaindu nahi izatekotan, Udalari jakinaraziko zaio aurrerapenarekin eta Udalak hartuko du azken erabakia, tokiko harmonia eta ezaugarriak errespetatzea bermatuz.

Ekitaldi hauetarako ordutegiak ere zehaztu dituzte eta gehienez ordubetekoak izango dira: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 21:00etara; eta larunbatetan, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.