Ikusezinak

Xabi Gutierrez2000tik 2013a bitartean 23.000 iheslari baino gehiago ito dira Mediterraneoko uretan hondoraturik, ACNURren arabera.

Bi multzo handi bereizi behar dira hilabeteotan Europara datozenen artean:

Alde batetik, Magrebetik eta Saharaz hegoaldeko Afrikatik eten gabe datozenak daude, hemen lana dela jakinik. Bestetik, gerrari ihesi Siriatik, Eritreatik, Somaliatik eta Afganistandik datozenak.

Libian bertan 600.000 pertsona daude Europara jauzia noiz egingo zain. 2014an 3.419 pertsona hil dira, ACNURen arabera, Mediterraneoan. 2015eko apirilaren 19 arte 1.654 pertsona hil dira Mediterraneoan itota.

Bizirik hona heltzea lortzen duten askok kalean bizitzera eta kalean lan egitera behartuta daude. Kalean bizi, kalean hil. Alex zuen izena, eta 26 urte zituen. 2011tik zegoen Bilbon, tarteka bazen ere, bizimodua ateratzeko asmotan sarri joaten baitzen beste hiri eta herri batzuetara. Martxoaren 20an hil zen, Bilbon, kutxa automatiko baten ondoan. Urtarrilaren 26an etxerik gabeko beste lagun bat hil zen Bilbon eta apirilean Getxon beste bat.

Etxerik gabe bizi diren pertsona horiek guztiak ikusteko gai izan beharko genuke. Pertsona horiei gizarteratze prozesuan lagundu nahi badiegu, lehendik eta behin pertsona horiek ikusteko gai izan behar dugu, eta gizarte bidezkoago eta inklusiboago baten alde lan egin.

Zaratarik egin gabe joaten dira, kalean saiatzen dira bizimodua ateratzen eta kaleak eraman ditu. Ez da bidezkoa gaur egun kalean hiltzea eta ezin dugu onartu. Borrokatu behar dugu horrelakorik gerta ez dadin, eta kalean dauden pertsonek bizi baldintza duinak eduki ditzaten.

Gure herrira etorrita, hau da, Zornotzara, badakigu non egiten duten lo supermerkatuen ateetan eskatzen dabiltzan pertsonek? Itsu eta presaka pasatzen gara euren aurretik, baina ikusten ditugu? Zelan ateratzen du aurrera bizimodua kontenedorean zer edo zer jateko bilatzen duen emakumeak? Zergatik ez dugu indeferentziaz harago ezer sentitzen? Akaso pentsatzen ote dugu gure moduko pertsonak ez direla?