Ikusezinaren zoritxarra

EstiSarriZelan diran kontuak! arretarik jarri ezean, ezagutzen dabena baino ez dabe ikusten gure begiek; ez da, ez, kasualitatea aurkeztu barri dauskuen pertsona hori, lehen inon ez, eta orain edozein lekutan ikusten dozuela. Ezagututakoan, gertukoago bihurtzen da, gainera; edozer dala gertatzen jakona, ezezagunari gertatutakoak baino zirrara handiagoa eragingo dausku, beti. Halan bada, ezagutzen dogun horretara bideratuko da gure arreta, ezinbestean.

Pinguicula grandiflora izena entzunda (1, 2, 3 argazkiak), antzik be ez zeunskioe hartuko gehienok; bere gaztelerako izena –euskerakorik ez da eta inon ageri– esanda, atrapamoscas edo grasilla, akaso, bai. Haritzak eta pagoak, bai, ezagutzen doguz, gertukoak dira, bertokoak. Garrantzitsuak dira; badakigu ezin doguzala pagadi eta hariztiak galtzen itxi, besteak beste, gure bizitzak basoari oso lotuta egon direlako mendeetan, bertatik jaso izan baitoguz hainbeste onura, hasi begien gozamenetik eta bestelako onura lurtar batzuetara: egurra, onddoak, lurrari eustea, uraren kalitatea hobatzea, batzuk aipatzeagatik.

Ezagutu ezean, ordea, ezin maitatu; ezin ohartu bere garrantziaz; ezin nabaritu haren faltak eragiten dauan hutsunea, eta nekez egingo dogu ahaleginik ikusezina babesteko. Pinguicula grandiflora landare karniboro txiki horreri be halakorik gertatzen jako; ikusezina da, Euskal Herrian bizi diran 3000 landare-espezieetatik asko legez, baina Zorrontzan daukagu, eta Zorrontzarra be bada! Ez dauka, ordea, bere burua, gure begien aurren, ikusezin izatetik ikuskor bihurtzeko aukera handirik; beraz, honegaz, aurkezpenak eginda!

Ez da, berez, espezie arraroegia, baina bai bitxia, ez dira eta asko Euskal Herrian, ezta mundu osoan be, intsektuak “jaten” dabezan landareak: 6 Euskal Herrian eta 630 mundu osoan (300.000 bat espezietik). Horregatik, bere bizitokien berezitasunagatik, eta zergatik ez, bere edertasunagatik, ikusarazi gura izan dot gaurkoan. Hurrengo mendi bueltan, lupetzetan ez sartzeko, hankak nun jarri ez dakizula zabiltzanean, erreparatu ingurura. Beti busti eta odolgi edo goroldio ugari daukien lekuak gogoko dauz; ez da gatxa lurraren kontra izaten dauazan berde fosforito koloreko orriak antzematea, ezta orriotan harrapatuta geratu diren euli txikiak ikustea ere. Udabarria izan ezkero, gozatu bere loreez!

lorak1, 2 eta 3 argazkiak. Pinguicula grandiflora espeziaren itxura