Kanpoko tsunamiak eta etxeko lurrikarak

Euskal jendarteak badaki elkartasuna adierazten. Badaki auzokoen injustizien aurrean kaleak betetzen. Hamahiru urte arteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete Kataluniako prozesu independentistaren buruzagiei, eta kondenaren aurrean hamaika istilu izan dira Bartzelonan zein Kataluniako beste hiriburuetan. Errepresio poliziala, polizia infiltratuak mugimendu independentistan, atxilotuak, jipoiak, 131 zauritu…

Kataluniako Tsunami Demokratikoak bat batean harrapatu gaitu, eta 2017ko urriaren lehenengoan gaudela dirudi. Erabaki zilegi batek zenbat pisatu dezakeen Estatu espainolean! Honek ere ezustean harrapatu gaituela dirudi, baina Euskal Herriak ondo baino hobeto daki zilegi diren erabakien zama zenbatekoa den. Horren argi geratzen ez dena zera da: ea etxeko lurrikarak kanpoko tsunamiak beste maite dituen.

Kataluniako hiriburuen pare bete dira Euskal Herrikoak. Herrietako kazeroladak pasa den astelehenean; 52 identifikatu ekarri zituen Ernai gazte antolakundearen mobilizazio jendetsuak ostegunean Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian; milaka lagun bildu zituen Gure Eskuren manifestazio masiboa larunbatean Donostian…

Argi dago euskal tsunamia Kataluniako Tsunami Demokratikoari gehitu zaiola, hura hauspotuz. Euskal Herria haserre dago, eta horrela behar du izan. Katalunia manipulazio legal, mediatiko eta politiko izugarria ari da bizitzen, eta inoiz baino beharrezkoagoa du zapaltzaile berdinaren zapalduak ondoan izatea. Baina zapalduen alde jartzeak ez diezagula zapaldu izaera ahaztuarazi.

Ez dezagun ahaztu ETAk borroka armatuaren amaiera jakinarazi eta zortzi urtera oraindik gurean 258 preso politiko ditugula, gure Altsasuko gazteek ere hamahiru urte arteko espetxe zigorrak dituztela taberna bateko liskar bategatik, torturek bere horretan jarraitzen dutela, eta guzti honen ahotsa izan diren komunikabideak legez kanpo utzi eta itxiarazi dituztela.

Guregatik ere kaleak bete behar dira, ezin dugu kanpoko tsunamien ikusmiran egon etxeko lurrikarak sentitzen ez ditugunean.