Kolpea hartu dugu, baina altxatuko gara

Urko Lopez

Urko Lopez Zornotzako EH Bilduren bozeramailea.

Lehenik eta behin, EAJ eta Podemos-Ahal Dugu alderdiak zoriondu behar ditugu lortutako emaitzengatik, bai herri mailan zein Euskal Herri mailan.

EH Bildurentzat ez dira emaitza onak izan, ez Zornotzan ezta Euskal Herrian ere. Horren inguruko balorazio positibo bat egitea edo baloiak kanpora botatzea ez litzateke gure estiloa izango, gugan sinesten duten pertsonei muzin eginez. Ez dugu hedabideetan beste alderdiek izan duten presentziarik izan inoiz izan diren hauteskunderik mediatikoenetan.

 

Hala ere, hau ezin da aitzakia izan; jakin badakigu hainbat etxeetara ez direla gure bozkak iritsi, eta kanpaina ez dela modu eraginkorrenean eraman, zentzu horretan barkamenak Zornotzako EH Bilduri dagokionetik. Kritikak onartzen ditugu eta ondorengo hauteskundeetan hobeto egingo dugulakoan gaude.

Gure boto asko eta asko Podemosek hartu dituela da mintzagai, batzuen ustez “bozka erabilgarri” gisako maileguan, besteen ustez definitiboki. Finean, independentzia kenduta, balore ezkertiar oso antzekoak ditugu Podemosek eta guk. Baina, orduan, zergatik ez batera? Hori ez gertatzeko honakoa da bion arteko desberdintasun nagusia: Podemosek Estatu osoa du bere epizentroan, Madril giltzarri gisa izanik, guk aldiz Euskal Herria dugu gure ahaleginen epizentro. Gure gabezietako bat mezu hau modu eraginkorragoan helarazi ez izana dela uste dugu. Gauzak iragan ostean ikasten dira sarritan.

Herri mailako emaitzei dagokienez, parte-hartze esanguratsua egon da, % 73,36koa izan da, udal hauteskundeetan baino ia % 8 gehiago. Zorionak zornotzarroi egindako ahalegin demokratikoagatik. Berriro ere aukera guztiak egon dira mahai gainean, duela zenbait urte izandako ilegalizazio prozesuak atzean geratuz.

Zoriontzekoa da profil ezkertiarreko alderdien artean 5.000 boto kopuruaren langa, ozta-ozta bada ere, gainditu izana. Gure zenbaketetan ez dugu PSE-EE talde honetan sartu, egun EAJ-PNVrekin koalizio-gobernua osatzen duelako euskal instituzioetan. Azken hori ez da alderdi ezkertiarra eta ez gaude ziur ze puntura arte sakrifikatu dituen PSE-EEk bere balore eta ikuspuntu ezkertiarrak eskuineko alderdi demokristau batekin koalizioan aritzearen truke. Honako hau kezkagarria iruditzen zaigu; ez PSE-EEri dagokionez, baizik eta etorkizunean Zornotza ezkertiar bat eraikitzeari begira.

Izanak izan, ate interesgarriak irekitzen dira Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei begira, eta baliteke Ajuria Enean orain arte egon ez den alderdi bat esertzea datorren urteko hauteskundeetatik aurrera. Azken hamarkadetan ezagutu dugun panorama politikoa hankaz gora jarriko luke honek. Ordua da.

Zornotzako EH Bilduk, bere aldetik, herri honen alde lan egiten jarraituko du, bere bertute eta akatsekin, Zornotza hobeago baten bila. Kolpea hartu dugu, baina garrantzitsuena kolpea jaso ostean altxatzea da, eta hori egin dugu. Berdin dio zenbat kolpe jasotzen ditugun. Hurrengo txanparako prestatzen ari gara. Hurrengo norgehiagokarako prest egongo gara. Zutik.

URKO LOPEZ – Zornotzako EH Bilduren bozeramailea