Larrea auzoan bidegorri bat egitea eskatu dio EH Bilduk Udalari

Barrio Larrea de Amorebieta-Etxano.

Larrea auzoa.

Larrea herri-gunetik kilometro batera dago eta bertan bi ikastetxe eta udal kiroldegia daude. Ibilgailuen joan-etorriak ugariak dira eta ordu jakin batzuetan zirkulazio arazoak eta aparkatzeko zailtasunak izaten dira. EH Bilduk bizikletaz joateko aukera defendatu du, betiere segurtasuna bermatuta.

 

Larrea auzoak Andra Mari ikastola, Larrea eskola publikoa eta udal kiroldegia biltzen ditu, eta, ondorioz, herri-gunetik abiatutako ibilgailuen joan-etorria handia da.

Desplazamendu gehienak autoz egiten dira eta ikastetxeetako sarrera eta irteera orduetan pilaketak izaten dira eta aparkalekuak gainezka egoten dira. Gainera, ohikoa izaten da ibilgailuak gaizki aparkatuta topatzea, eta horrek bizilagunen kexak eragin ditu azken urteotan.

Baina ez gaude soilik trafiko arazo baten aurrean. Oinarrian mugikortasun ereduaren gabezia dago eta hori azpimarratzekoa da neska-mutikoen joan-etorriez ari garelako.

Aipatzekoa da Eskola Agenda 21 planaren baitan gure ikastetxeak lan handia egiten ari direla eta proiektu horren oinarrietako bat mugikortasun jasangarria dela. Baina, tamalez, hori guztia ez dator bat Larrean gertatzen denarekin; izan ere, auzo horretako mugikortasuna auto partikularren erabileran oinarritzen da.

Larrea herri-gunetik kilometro batera dago (Luis Urrengoetxea kaletik Andra Mari ikastolara arteko tartea) eta, ondorioz, ohikoa bilakatu da joan-etorri hori autoz egitea; izan ere, ez dago bizikletaz joateko alternatiba segururik.

Larreara bizikletaz joatea aukeratzen duten zornotzarrak gutxiengoa dira (bizikletak uzteko tokiak beti hutsik daudela ikustea nahikoa da horretaz jabetzeko), besteak beste, herri-gunetik Larreara joateko errepidean bidebazterrik ere ez dagoelako eta autopistako tunelaren zatia bereziki arriskutsua delako.

Bideko sarea (ibilgailuena, txirrindulariena eta oinezkoena) Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean diseinatu behar bada ere, kasu honetan premiazko neurriak hartu behar direla uste dugu, aipatu plana behin betiko onartuta egotera itxaron barik.

Hori dela eta, EH Bildu udal taldeak ondokoa eskatzen du:

– Amorebieta-Etxanoko Udalak, 2016a amaitu baino lehen, Larrea auzora bizikletaz joan ahal izateko aukerak azter ditzala, ikerketa bat abiarazita. Etxebizitza eta Hirigintza departamentuetan ikerketak eta lan teknikoak egiteko aurrekontuak daudela jakinda, eskaria bideragarria dela ulertzen dugu.

– Amorebieta-Etxanoko Udalak Larrea auzora bizikletaz joan ahal izateko proiektua gauzatzeko zenbatekoa 2017ko aurrekontuan sar dezala.

Larrea auzoa