Orain eta hemen, danon herria: EH Bildu

JuanluOraintsu izandako haize boldada gogorrek Belatxikietako Ermita atzeko pago erraldoiaren adar itzel bat bota deutsie. Ahuntzek abaildutako enborreko orriak jaten ebilzan. Baina oraindik erdiko zuztarrak bizirik eta enbor nagusia zutunik dirau, urte askotarako.

Joan dan zapatuan, EH Bilduk ekitaldi nagusia egin dau Zornotzako Herriko Plazan eta gazteriaren izenean, eszenariora igon ziran hogeita hamar gazteei Etxanoko aginte-makila eta eskutea eskeini jaken; batetik, “txuzoa”, aurrerantzean gure Herriaren geroa euren eskuetan hartzea eskatzeko eta, bestetik, “gari-sorta”, naturan errotutako jakinduriaz jokatu dagien.

Ekitaldiaren amaieran, herriko nagusiei omenaldia egin jaken, batez be eskerrak emoteko Zornotzako arbasoen kultura, euskera eta Euskal Herriaren kontzientziaz transmititzeaz gain, kartzeletako mendeku-politika, injustizia eta inposizio guztien aurrean, duintasunez, egin daben borroka nekaezina, hamarkadaz hamarkada, gaur egunera arte bizirik mantenidu dabelako. Gazteek testigoaren erronka onartu dabela adierazo eutsien lora-sorta bi eskeiniz.

Orain eta Hemen, gazte barriei testigua entregatu deutsie, txapela buruan eta bihotza esperantzaz beteta, eurek jarraitu beharko dabelako Zornotzan eskubide nazionalak eta sozialak irabazteko bidea egiten, oztopoak oztopo, kritikak kritika, bizitzaren gozoak dastatuz eta mingotsak irentsiz eta gaindituz. Aupa gazteak! Aurrera gazteak!

Atal berezia izan eban emakumeen mezuak, gizartea baino jendartea izan behar dala arguditatuz, emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna aldarrikatuz. Duda barik, sentsibilidade hau Zornotzan gorantza doa eten barik eta horrek aldaketa sakonak ekarriko ditu datozen denporetan.

Hirugarren adineko personen kolektiboaren problematikak be presentzia nabarmena izan eban, nagusi guztiek pentsio minimo duina -1.080 euro- ziurtatuta izan behar dabela azpimarratuz.

Horrez gain, korrupzioa, murrizketak, soldata minimoa -1.200 euro- langabezia, prekaridadea, hezkuntza propioa, sexu eta genero bereizkeria, errefuxiatuak eta hainbat eta hainbat arlo plazaratu zan.

Arazo honeetarako guztietarako, EH Bildu izango da tresna eraginkorrena aurrera egiteko, eragile sozial guztiakaz alkarlanean, baina iparra argi eta garbi dogula: Euskal Herria independiente, sozialista, euskalduna eta feminista lortu arte.

Gure arerio eta aurkari politikoak ahuntz hareek bezala dabiltza, lurrean dagoan adarretik jaten, baina gu pagadi ikusgarria egiten gabilz

Horregaitik, animatzen zaituet eta, irailaren 25ean, Zornotzan, Orain eta Hemen, danon herria, bozkatu EH Bildu.