PSEk Ainhoa Salteraini eman dio alkatetza, eta eskuinak berriro gobernatuko du Amorebieta-Etxanon

Ainhoa Salterain, EAJko zinegotziekin.

EH Bilduren aurka EAJk, PSEk eta PPk egindako ituna Amorebieta-Etxanon ere aplikatu dute, eta Ander Uriarte alkate izendatzea ezinezkoa izan da, zinegotzi sozialistak Ainhoa Salterain alkategai jeltzalearen alde bozkatu duelako. Horrenbestez, Zornotzan Gobernu aurrerakoi bat osatzeko aukera bertan behera geratu da.

Joan den maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako emaitzak argiak izan ziren eta agerian geratu zen Amorebieta-Etxanon Gobernu aldaketa bat ematea posible zela, ezkerreko indar politikoek eskuinak baino boto gehiago eskuratu zituelako.

Alabaina, larunbat honetan, Udal berria eratzeko bilkuran, Alicia Hernandez PSE-EEko zinegotziak Ainhoa Salterain EAJko alkategaiaren aldeko botoa eman du, eta, ondorioz, Gobernu aurrerakoi bat osatzeko aukera zapuztu du, eta eskuinak beste lau urtez gobernatuko du gure udalerrian.

Ander Uriartek EH Bilduko zazpi zinegotzien eta Elkarrekin Amorebietako Alba Gutierrezen babesa jaso du. Guztira, 8 boto lortu ditu, baina Ainhoa Salterainek 9 eskuratu dituenez, bera da Amorebieta-Etxanoko alkate berria.

EAJ-PSE-PP ituna, EH Bilduri betoa jartzeko

Testuinguru honetan, EAJk eta PSEk maiatzaren 28ko hauteskundeen biharamunean egindako akordioa salatu behar dugu. Itun horren helburu bakarra EH Bilduri erakundeetan betoa jartzea izan da, herritarrek hauteskundeetan adierazitako borondatearen gainetik eta botereari nolanahi eusteko asmoz.

Gainera, udalerri askotan Durangon eta Gasteizen, adibidez-, Alderdi Popularrarekin bat egin dute horretarako.

Gaur egiaztatu ahal izan dugu itun horrek Amorebieta-Etxanon ere eragin zuzena izan duela, EH Bildu Zornotzak zuzendutako Gobernu aurrerakoi bat eratzeko aukera ezerezean geratu baita.

Lotsagarria eta kezkagarria da Andoni Ortuzar eta Eneko Andueza EAJko eta PSE-EEko buruzagiek, hurrenez hurren, hartutako erabaki batek Amorebieta-Etxanoko eta beste hainbat udalerritako gobernagarritasuna baldintzatu izana.

Onartezina da buruzagi politiko gutxi batzuen interes alderdikoien arabera baldintzatzea tokian tokiko politikak. Tristea da, baina, beste behin ere, goian daudenek ezarri dute udalerrietan egin beharreko politikak, herritarrak kontuan hartu gabe.

EH Bildu Zornotzako zazpi zinegotziak batera.

Gure konpromezua

Edonola ere, EH Bildu Zornotzan oso argi daukagu gure ibilbide-orria zein den, eta arduraz jokatuko dugu oposiziotik.

Sarritan esan genuen kanpainan: talde oso ona daukagu; zornotzar guztien bizi-baldintzak hobetzeko neurri zehatzak eta proiektu estrategikoak ditugu; eta horiek guztiak martxan jartzen saiatuko gara, politika publikoak sustatuz eta Udalaren menpeko zerbitzu publikoak indartuz, jakin arren -oraingoz- ez daukagula horretarako gehiengo nahikorik.

Horrez gain, inork ez dezala zalantzan jarri: datozen lau urteetan ere berdin jarraituko dugu, egiten duguna esanez, eta esaten duguna eginez.

Azkenik, gure esker ona adierazi nahi diogu Elkarrekin Amorebieta koalizioari eta, batez ere, Alba Gutierrez zinegotziari, Ander Uriarte alkate izan dadin bozkatu duelako udaletxean egindako osoko bilkuran.

Bide onetik goaz, eta lortuko dugu!