Tinduf: hondar artean emandako egunak

Juanjo LegorburuDuela 40 urte ihesean iritsi ziren Aljeriara, Tindufeko basamortura, euren lurraldea Marokok okupatu baitzuen Espainiar estatuaren utzikeria medio. Haien erroak basamortuan sustraituak dira, beduinoak baitziren sahararren arbasoak, beraz, desertuko lur eremu amaigabea ez zitzaien arrotz.

Emozioek bizi-printzen talka behar dute sortze prozesuan, baina zaila egiten da sumatzea, neurri batean bederen, zer sentitu zuten saharar iheslariek lur eremu abandonatu, idor eta galdu haiek lehen aldiz zapaldu zituztenean. Eta bertan egonik, galderek hartzen dizute pentsamendua. Eguzkiak gupidarik ez duen horretan eta naturak bere zabal osoan basamortua bakarrik marrazten duelarik, nola eraiki bizitzaren egunerokoa? Eta hortxe, emakumeak bizitokiaren sortzaile eta eraikitzaile izan dira, gizonak gerran baitzeuden.

Baina utzi dezadan iragana eta hel diezaiodan egungokoari. Iritsi bezain pronto, etxolak diruditen hondarrezko etxetxoak ikusten dira. Han-hemenka, emakumeak melhfarekin bilduta, beren joan-etorrietan eta inguruan oinutsik doazen ume mordoa. Hirugarren belaunaldiko errefuxiatuak dira, non gaztetxoenek euren aberria oraindik ezagutzeke dutenak. Emakumeen 2/3 anemia pairatzen dute; umeen 1/3 desnutrizio kronikoa. Umeak afaldu gabe joaten dira maiz lotara, egon ez dagoelako zer ahoratu.

Zaharrenek utzi zutena dute bizitza ardatz, baina kanpalekuetan sortutakoak non zabaldu dezakete geroa?

Laguntza behar dute, laguntza ematen diegu, baina laguntza ematearen truke geure kontzientzia garbitzen dugu. Mendebaldeko Saharak behar duena nazioarteko estatuen posizionamendu argia da (eta horrek esan nahi du Marokoren kontra ipintzea) eta geure konpromiso politikoa.

Egun haizetsuetan hodeiak ilusio eramaile izaten dira. Ezleku horretan identitatea sustatu dute euren seme-alabei transmitituz doazenak, baina sahararren pazientzia agortuz doa eta guztiz agortzeak esan nahi du gerrara bueltatu daitezkeela… Ez ditzagun bakarrik utzi.