Transgenikoen mamu batzuk

EstiSarrionandiaPropaganda txarra dauke, zalantza barik, transgenikoek; egoera ezezagunek edo gauza barriek, ezagutu barritan, eragiten daben mesfidantzagatik izan daiteke, akaso, baina, geneak gure antojura manipulatzeko teknikak garatu dauazanetik, mamu asko sortu dauz genetikak. Ez dakit, baina, transgenikoen kasuan, transgenikoen euren kontra zuzenean, ala emoten jaken erabileraren kontra dagoen jendea, ez da eta gauza bera; egon naitekeelako, adibidez, gure inguruko Abiadura Handiko Trenaren egungo sarearen kontra, baina, aldi berean, trena gustokoa izan.

Argi eta garbi dinot lasai asko jango neukezala, gaur gaurkoz, eta neuk landatuta, merkatuan dagozan jaki transgenikoak; eta ez badodaz erosten ez da, transgenikoak izateagatik, kaltegarritzat hartzen dodazalako. Azken finean, oso ohituta gagoz gizakiok jaki mutanteak jaten; tira, egunero jaten doguzala! Transgenikoen antzera, betiko ortuariek be aldaketa txiki batzuk eduki dabez eta euren geneetan. Ez dozue inoiz pentsatu ortu batzuetan ikusten diren kalabaza batzuk, behintzat, ezin direla mutanteak baino besterik izan?

Betiko ortuariak ez bezala, baina, transgenikoak “modu artifizialean”, eta, itxuraz, naturaren arauen kontra sortu izana da dauken fama txarraren arrazoietako bat, naturan nekez batuko ei dira eta bakterio eta landare geneak, adibidez. Denbora kontuak aparte, errealitatea ez da, ordea, horren desberdina betiko ortuarien kasuan. 12.000 bat urte daroaguz gizakiok berez sortu diren landare mutanteak aukeratu eta ugaritzen (bardin zelan sortu diren), eta landareen arteko joku sexualak ezagutu ostean, baita, beren-beregi, mutanteak sortzen be.

Harrigarriak dira landareak, eta harrigarria, benetan, landareen bizitza sexuala; enbidia emotekoa. Landare batzuei, behinik behin, bardin jake nogaz batu, euren modukoekaz zein bestelakoekaz; kapaz dira, gainera, bigarrenakaz hibridoak sortzeko. Hibridook, batek daki nogaz batuko diran, baina ugaritu be egin daitekez, eta mutazioak euki arren be, aurrera egiten dabe. Eta eskerrak halan dala, ez dot eta imaginatu be egin gura, zelako ahaleginak egin beharko geunkezan aste osorako ogia egiteko lain gari-garau, lurretik, banan-banan, batzeko. Hori da, labur-labur, gaur egun ezagutzen dogun gariaren historia: hiru espezieren arteko nahastea, eta garauak galburutik askatzea eragozten dauan gen mutante bat.

Egia da, bai, berez gertatu zirela pasadizook eta dana landareen arteko kontua baino ez dala. Jaten doguzan mailukiak, baina, horrek ez, horrek gizakiak sortutakoak dira, baina oraingoan be, danak landareak. Mesfidantza gehiago sortzen da bakterioak tartean sartzen diranean, ezin da eta aitu hain desberdinak diren bizidunen arteko nahasteak kalterik eragingo ez dauanik. Jakizue, harritzekoa bada be, holakoak berez be sortzen direla; gizakiaren inolako esku hartze barik, bakterioen gene aktiboak daukiezan ortuariak. Hara hor transgeniko naturalak. Asko geratzen da oraindik ezagutu eta lantzeko, baina transgenikoak nekazaritza ekologikoan erabiltzea erronka polita litzateke.