Txingurritzen gaituzten saltoak

Karez margotzen genituen zuhaitzak baserrian inurririk igo ez zedin. Umetan, haien ezinaz baliatuta, klarionaz margotutako zirkulu bat egin, eta bertan giltzapetzen genituen, irten ezinik.

Hogei urte neramatzan inurri hori izaten, margotu dugun eta diguten borobileraren artean preso. Karezko pintzeladen baitakoa da gure bizilekua. Karerik gabeko eremu guztiak buruz eta bihotzez dakizkigu, hortik kanpora dagoenaz ezer gutxi dakigu, eta ez dakiguna sarritan ez izatera ere iristen da. Aldi berean, ordea, badakigu ezagutzen duguna baino gehiago garela, baina…zer bertigo ematen duen ezagutzen dugun gotorlekutik atera eta aterpeak kanpoan bilatzeak.

Hor kanpoan, uste duguna baino beldur gehiago sentitu daiteke, gehiago maite, bakartiago sentitu, hutsago, beteago, aberatsago eta aldi berean txiroago. Uste genuena baino helduago eta umeago, zoriontsuago eta tristeago. Estalpetik kanpo norberaren sentipenen eskala beste bat da.

Sentimendu guzti horiek birdefinitu egiten dira karezko zirkulua pasatzen ikasten dugunean. Eta orduan ikusten dugu, ezagutzen ginena baino gehiago dugula oraindik ezagutzeko. “Konfort-zonak” apurtzean datza bizitza, latzenak ere konfort bilakatzeraino, ezagutzeraino.

Eta orain, karezko itsasoak zeharkatu ostean, ikusi daiteke mundua zirkulu horren baitan dagoena baino are gehiago dela. Eta benetan, ezinezko zela uste zenuen arren, zuk ere baduzula hain bero, goxo eta eroso zeunden horretatik ateratzerik. Inurririk txikienak ere, baduela karetan igeri egiterik. Salto bat besterik ez da.