Udal-gobernuak aurrekontuak erabakitzeko abian jarritako prozesu parte-hartzaileak hainbat gabezia ditu

EH Bilduk beti defendatu ditu aurrekontu parte-hartzaileak, herritarren borondatea islatzeko beste modu bat delako, lau urtean behin egiten diren hauteskundeetatik haratago.

Dena den, EAJren udal-gobernuak abian jarri duen prozesu parte-hartzailearen gabeziak eta arriskuak azaleratzea ezinbestekoa da.

Proiektuak onargarriak izateko baldintzak jakinak diren arren, oraindik ez  dute argitu zein izango den egitasmo bat onartu edo baztertu dutela komunikatzeko erabiliko duten metodologia. Batez ere, baztertzeei dagokienez, komunikatzeaz gain pedagogia ere beharrezkoa baita.

Irizpideen kasuan, zalantza ondokoa da: Proiektu onargarrien artean, nork erabakiko du ze egitasmo nagusitzen den? Talde txiki batek hartuko du azken erabaki hori ala herritarrek izango dute azken hitza proiektu onena aukeratzeko?

Ez dakigu proiektuak onartzeko edo baztertzeko prozesu honetan herri-gunetik kanpo dauden auzoek jokatuko duten papera zein izango den. Gobernu-taldeak auzoak ahazteko joera izan ohi du, herri barruan dauden obra erraldoien mesedetan.

Horren erakusgarri da Tantortan gertatu dena: kanpoko enpresa batek auzo horretan proiektu bat egin nahi duela eraberrituko dute auzoa, eta ez Udalaren ekimenez. Gure ustez, honek lehen eta bigarren mailako biztanleak sortzen ditu gurean, eta hori onartezina da.

Udalak 265.000 euro bideratuko ditu orotara, hau da, inbertsioen % 10 nora bideratu erabaki ahalko dute zornotzarrek. Baina ia kopuru berdina, 235.000 euro, dekretu bidez mugitu ditu udal-gobernuak, hots, 235.000 euro nahieran gastatuko ditu. Adibide bat: ia 5 aldiz gehiago gastatu du Udalak San Miguel kaleko obretan (250 metroko kalea).

Udal-gobernuak prozesu parte-hartzaile bat jarri du martxan, baina herritarren “eskura” uzten duen diru kantitatea ikusita, ematen du ez duela zornotzarren irizpideengan konfiantzarik.

Horrenbestez, ez du balio esateak proiektu asko aurkeztu direla eta asko izan direnez atzera bota behar izan dituztela. Gakoa herritarrek egindako proposamenak aurrera ateratzeko baliabideak bermatzea izan beharko litzateke eta hori ez da aurrekontuaren % 10rekin egiten.

Bestalde, ekimen hau udal-hauteskundeetarako hilabeteak falta direnean egin izana kritikatu behar dugu, interes alderdikoien araberako mugimendua izan dela konbentzituta gaudelako. EH Bilduk horrelako prozesu parte-hartzaile bat abian jartzeko eskatu duen bakoitzean EAJk beti erantzun du ez zela momentua.

Areago, duela urte batzuk “utopia” zela esan zigun. Baina orain, legegintzaldiaren azken urtean eta hauteskundeak gainean ditugunean, badirudi “une egokia” iritsi dela eta lehen “utopia” izan zena orain posible dela.

Horrelako ekimenak ez dira hauteskundeen bezperan egin behar, horrelakoak urtero egin behar dira. Herritarrek udal-aurrekontuetan eragiteko eskubidea dute eta Udalak herritarren parte-hartzea sustatu eta bermatu behar du.

Gauzak horrela, aurrekontuak erabakitzeko prozesu ireki honetan herritarren parte-hartzea mugatua eta erreala izango ez dela uste dugu.

EH Bilduk aurrekontu parte-hartzaileak defendatzen ditu, baina berme batzuekin: metodologia ondo zehaztuta, pedagogia eginda, baliabideekin eta proiektua aurrera eramateko borondate zintzoarekin, ez botoak bilatzeko asmoarekin.