Udal gobernuak ez du Marixelarre sariak banatzeko prozedura bete

Zornotzako Udal Gobernuak ez du Marixelarre sarien prozedura bete, ez hautagaiak proposatzeari dagokiona ez sarituak aukeratzeari buruzkoa, gainontzeko alderdi politikoak kanpo utziz eta informazioa ukatuz.

Datorren Martxoaren 9an Marixelarre sariak banatuko dira, emakume zornotzarrak eta herriko emakumeen alde lan egiten duten pertsonak eta erakundeak aintzatesteko aurreikusitako sariak, alegia.

Udal gobernuak hautagaiak eta sariduna aukeratzeko prozedura eta xedapenak ezarri zituen alde bakarrez, hau da, gainontzeko alderdi politikoekin inolako hartu emanik gabe. Irizpide horien arabera, eta hautatze prozedurari zegokionez, 7. xedapenean alderdi politiko bakoitzak hautagaiak proposatzeko aukera izan behar zuela zehazten zen, eta proposatutakoen artean, batzorde informatiboan hautatuko zela sariduna, zinegotzien bozkekin, bozka gehien dituen hautagaia sariduna izanik.

Xedapen horrek ondorengoa zioen beren beregi: “7- Udaleko alderdi politiko bakoitzak hautagaiak proposatzeko aukera izango du, eta proposatutakoen artean, batzorde informatiboan hautatuko da sariduna, zinegotzien bozkekin. Bozka gehien dituen hautagaia izango da sariduna.”

Honen harira, behin eta berriz galdetu genion batzorde arduradunari hautatze prozesua noiz hasiko zuten, eta sariduna nor izango zen. Ideia orokorra besterik ez ziguten azaldu, hau da, emakume kirolariak sarituko zituztela, eta gure sorpresarako, eta prozedimendua bete gabe, sariduna aukeratua zegoela jakinarazi zitzaigun, bozka-prozedura bete gabe.

Hori gutxi ez eta EH Bilduk prozedura ez dutela bete salatu eta jarraian, udal gobernuak, aldebakarrez, Marixelarreren xedapenak aldatu zituen bere nahietara egokitzeko, beste hautatze prozedura bat aurreikusiz, aurrekotik desberdina.

Orain, ondorengoa dio: “Udaleko talde politiko guztiek hautagaitzak proposatzeko aukera izango dute eta saritua adostasunez aukeratuko da. Adostasunik lortzen ez bada, Amorebieta-Etxanoko herritarren gehiengoa ordezkatzen duten talde politikoek babestutako hautagaitzak sarituko dira, osoko bilkuran duten ordezkari kopuruaren arabera”.

Harrigarria badirudi ere, udal gobernuak ezarritako hautatze prozedura berri hau,
hots, beren interesetarako neurrira aldatu duena, bigarrenez ere ez dute bete.

Beste behin ere, ez dute gainontzeko alderdien behar bezalako parte hartzea ahalbidetu, prozedura ez da bete hautagaitzarik ez delako bozkatu eta ez dakigu zein irizpide zehatzen arabera aukeratu den saritua.

Irakurketa maltzur eta interesatuak ekidite aldera, argi gera bedi EH Bilduk ez duela sariduna kuestionatzen, inondik inora —sariduna saridun zorionik eta beroena helarazi nahi diegu eta beti bidelagun izango gaituztela jakinarazi, behar denetan eta behar denerako—, udal gobernu honen jarrera arbitrarioa salatzera baino ez gatoz, sari hauekiko egin duen bidegabeko apropiazio interesatua dela eta. Izan ere, etekin politikoa ateratzea beste helbururik ez dute izan jolatzeko modu honekin.