Urtarrilaren 6ko goizaldean izandako eraso sexista gaitzetsi dute Udalak eta mugimendu feministak

unnamedUrtarrilaren 6ko goizaldean eraso sexista izan zen Zornotzan. Udaleko bozeramaileen batzordeak “irmoki” salatu du gertatutakoa eta mugimendu feministak emakumeen aurkako eraso fisikorik ez duela onartuko adierazi du.

 

Urtarrilaren 6ko goizaldean,  eraso matxista bat sufritu zuen neska batek Zornotzan. Gertatutakoarengatik salaketa jarri zuen Bilboko epaitegietan.

Jazotakoa “irmoki” arbuiatzeaz gain, biktimari zein haren familiari “gure esku dagoen guztian laguntza eskaintzeko” prest daudela adierazi zuen Udaleko bozeramaileen batzordeak eta errespetu osoa adierazi die.

Udalbatzak berretsi zuen “bizitza, askatasuna, duintasuna eta emakumeek herritar gisa dituzten eskubideen kontra erasotzen duten indarkeria mota guztiak errotik ezabatzeko” konpromisoa.

“Gizarte bezala, ezin dugu onartu inor, ezein emakume, emakume izateagatik, eraso baten biktima izatea”, zioen adierazpenak.

Zentzu horretan, herritar orori dei egin zioten “eraso sexisten konplize izan ez daitezen eta, beraz, egoera hauen aurrean inongo tolerantziarik ez dezaten izan”.

Mugimendu feministaren agerraldia

Gertatutakoa salatzeko, Zornotzako Emakume Taldeak prentsaurrekoa eskaini zuen herriko plazan. “Ez dugu mota horretako jarrerarik onartuko. Ez dugu emakumeon aurkako eraso fisikorik onartuko. Ez dugu guganako kontrolik onartuko, ezta mehatxu, gehiegikeria edota irainik ere”.

Jarrera matxistekin amaitzea “guztion” ardura dela azpimarratu zuten, eta txalotu egin zuten emakumeak erasotzaileari aurre eginez epaitegira jo eta salaketa jartzeko izan zuen adorea.

Erasoa “emakume guztien aurkakoa” dela eta, erantzun kolektiboa emateko deia luzatu zuten.