Utopiaren udaberri usaina

Ez dakit udaberriak, naturaren eztandaz aparte, bestelako lehertze bat ekarriko digun, baina izan hortxe ditugu Legebiltzarrerako hauteskundeak atea joka.

Batez ere azken urtean aldaketa zurrunbiloa dabil bolo-bolo Euskal Herri osoan, iritsi delakoan pertsonen eta ideien aldaketa garaia, gauzak beste modu batera egiteko denbora, eta horrek berezkoa du aurretik daudenen urduritasuna.

Izan ala ez, argi dago ez dela erronka makala eta horrelako eginkizun mardul batek, pertsona askoren prestutasuna eskatzeaz gain, bakoitzaren barne mundu emozionala ere astinduko duela.

Hala ere, nago gauza batzuk argiki izan behar direla-ditugula. Ziklo aldaketa bat gauza oso konplikatua da. Agian “garai berria” bezala definitu duguna horrelako zerbait eskatzen du, baina horretarako argi izan behar da zertarako izango den aldaketa eta eginkizun hori betetzeko prest ote gauden.

Ezin dugu ahaztu mugimendu independentista bat garela eta gure helburua Euskal Estatu bat sortzea dela. Tresnak eta baliabideak, gehi jasotzen diren bozkak, eginkizun horren aldeko ipini behar dira. Gurea ez da soilik instituzioen kudeaketa bat, nahiz horrek garrantzi handia izan.

Euforia ez da emozio egokiena eginkizun potoloak kudeatze bidera, ez dezala aparrak ur azpian dugun errealitatea ezkutatu. Esango nuke azken aspaldiotan utopiak alde batera utzi ditugula, eta, halere, horien beharra dugu. Gauzak posible direla amestu beharra dago.

Eguneroko jardueraz eta borrokaz utopiak erdietsi daitezkeela, deus ez dagoen eremu horretan zerbait mamitu daitekeela. Hori ez da errealitatetik kanpo bizitzea, baizik mugimenduaren irizpideak kontutan hartuta, egin behar den horri zentzua eta tentua ematea da.

Utopiak epe ertain-luzera begiratzen du, ez bat-bateko eguneroko eginkizunetan txertatuta bakarrik eta ziklo aldaketa batek garapen graduala eta luzeak hartu behar ditu bere ibilbidean.

Akaso, udaberriak amesten dugun aldaketa dakarkigu. Horrela balitz, jakin ondo egindako lanaren fruitua dela, baina goiko egonarri horretatik begiratzeak bertigo eta urduritasuna sor ditzake, halaber beldur apur bat ere bai. Akaso iritsi da ordua hamarkadetan metatzen joan garen hori egunerokoan bistaratzeko, eginkizun publikoan ikasi duguna txertatzeko.

Ilusioz gainezka, ardurak saihestu barik eta zabalik dugun leihotik, utopia keinu konplize batekin goazen aldaketaren usaina dastatzera egunerokoa eraldatuz. Animo eta aurrera!