Ziztada Gune Askea husteko arriskuan dago

ZiztadaZiztada Gune Askearen lokala husteko arriskuan dagoela ohartarazi du asanbladak. Izan ere, Luis Urrengoetxea kalean dagoen lokalaren jabeak salaketa jarri du, berriz ere. Lau laguni 6.000 euro ordaintzea eskatzen die.

Duela hilabete batzuk, lokala okupatu izana leporatuta, jabeak herriko lau lagun salatu zituen. Hala ere, epaileak deliturik ez zegoela eta bertan behera geratu zen salaketa. Lehendabizi, bide penaletik egin zuen prozedura, eta oraingoan bide zibiletik. Lau lagunei 6.000 euroko ordainketa eskatzen die, lokalaren hustuketarekin batera.

Ziztada Gune Askean diharduten herritarrek beraien haserrea adierazi dute: “Ez dugu ulertzen zelan tematu den lokala hustearekin, 10 urte erabili gabe izan duenean eta ordenantzatik kanpo dagoen lokal batez ari garelarik”.

Horrez gain, beraiek lokal horretan egindako lana azpimarratu nahi dute, lokala zikinkeriaz beteta eta egoera txarrean egon ostean, beharrezko konponketak egin eta erabilgarri jartzea, bizitza emateaz eta zaintzeaz gain.

Gainera, beraien lana apaltasun osoz eta irabazi asmorik gabe egindakoa dela argi utzi dute.

“Badirudi delitua dela gaur egungo gizarte kapitalista eta aspergarri honetan, hitzaldiak, ikastaroak, liburuen aurkezpenak, kontzertuak, etab. egitea”, kritikatu dute. “Edonori zabalik dagoen eta doanekoa den bestelako kultura bat eskaintzea delitua dela ematen du”, erantsi du.

Horregatik guztiagatik, herritarrek Ziztada espazioa eta proiektua babes dezaten eskatu dute.