Boroako Zentralaren ilunbean

Gaur, apirilak 14, ospatzen dugu Zornotzako Zentral Termikoaren inposizioari buruz, “Zornotza Bizirik” plataformak antolatutako erreferendum eredugarriaren hamazortzigarren urteurrena. Urte benetan zailak eta intentsoak ordukoak, baina herritarren ahotsa ahaldunduta ikusteko parada ezin hobea.

Hala ere, ez dut nostalgiaz hitz egingo sasoi hartaz, baizik eta ohartarazteko herritarren ahotsa sarri askotan ez dagoela islatuta neurri bertsuan instituzioetan, kasu honetan gertatu zen bezala.

Herri mugimenduetan lan egiten dutenei, kultur eta kirol elkarteetan dihardutenei, eta puntualki horietako batean edo bestean parte hartzen duten herritar guztiei ohartarazi behar diet ikus dezaten, egunez egun, erreferentzia politiko batzuk herritarren ahotsarekin batera doazela eta beste batzuk nekez, batez ere kapitalaren interesak jokoan daudenean edota klientelismo politikoa zalantzan jartzen denean.

Ikusi besterik ez dago, ez da nahikoa ikaragarrizko manifestazioak egitea, ez zen nahikoa izan erreferendum itzela egitea eta ezezkoak nabarmen irabaztea, eta abar. Zornotzarrok pentsatu behar dugu alternantzia politikoa beharrezkoa dela gure herrian, ezinbestekoa, botere faktikoek instituzioetako kudeatzaileekin aspalditik irekita dituzten kanalak hausteko edo, gutxienez, baldintzatzeko, herritarren ahotsak lehentasuna izango badu.

Gogoan izan behar dugu orain dela hamazortzi urte zornotzarren erabakiaren aurka jokatu zutenek demokraziaren aurka egin zutela eta oraindik ere boterean hortxe daudela.

Ez dezagun ahaztu Zentral Termikoaren inaugurazioan Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta David Latxaga alkateak parte hartu zutela, 2005eko urriaren 19an.

Duintasunagatik baino ez bada ere, zornotzarrei dei egiten diet alternantzia politikoari bide emateko. Denbora berriak datoz. Garaia da.