Zornotzak kirolgune multifuntzional bat behar du, kluben, kirol elkarteen eta herritarren beharrizanak asetzeko

Berezikoetxen kirolgune multifuntzionala eraikitzeko gure proposamena.

Aspalditik jakina da Amorebieta-Etxanon kirol azpiegitura nahikorik ez dagoela. Zornotzako klubek, kirol elkarteek eta herritarrek pairatzen dituzte gabezia horren ondorioak. Izan ere, hainbat taldek eta zornotzarrek kiroldegi pribatuetara edo inguruko udalerrietara jo behar dute nahi duten kirola baldintza duinetan praktikatu ahal izateko.

Testuinguru honetan, Udal Gobernua Urgozo kiroldegia eraikitzen hasi da. 8 milioi euro baino gehiago gastatuko dituzte horretan, eta saskibaloiari zuzendutako eraikina izango da soilik.

Gogoratu beharra dago 2010ean Larreako kiroldegia eraberritzeko 10 milioi euro gastatu zituztela, eta berehala txiki geratu zela. Eta 2011n beste 2,2 milioi gastatu zituzten Jauregibarriako frontoia eta bolatokia egiteko.

Honi guztiari gehitu behar zaio Ixerreko kiroldegia bota egingo dutela, etxebizitzak eraikitzeko. Beraz, zer hobetu da arlo honetan? Ezer gutxi. Hamar urtetan, guztira, 20 milioi eurotik gorako gastua egingo du Udalak, eta duela hamar urteko arazo berdinekin segitzen dugu.

EH Bilduk uste du kirol azpiegituren faltak ekarri dituen arazoen aurrean konponbide integralak eskaini behar direla. Horregatik, joan den urtean, Berezikoetxeko lursailean kirolgune multifuntzional handi bat eraikitzea proposatu genuen, herriko kirol taldeen, kluben eta herritarren beharrak asetzeko, eta askotariko kirolak baldintza duinetan praktikatzeko aukera bermatzeko.

Berezikoetxeko kirolgunearen proposamena estrategikoa da guretzat, eta alternatiba hori defendatzen jarraituko dugu 2023-2027 legealdian. Ildo horretan, prest gaude Amorebieta-Etxanoko klubekin eta kirol elkarteekin elkarlanean aritzeko kirolgune multifuntzional horrek zein motatako ekipamenduak eskaini behar dituen erabakitzeko.

Halaber, ikerketa bat egitea ezinbestekoa da, kirol zerbitzuetan herritarren beharrizan nagusiak zeintzuk diren identifikatzeko, eta kirolgune berriak aukera horiek guztiak bermatu ditzan.

Amorebieta-Etxanok 19.000 biztanle ditu. Azken hamarkadan 3.000 biztanleko hazkundea izan dugu, eta Udal Gobernuak eraiki nahi dituen etxebizitzak kontuan hartuta, datozen urteetan beste horrenbesteko igoera izango dugu populazioan.

Datu hauek guztiak kontuan hartuta, premiazkoa da kirol azpiegituren faltari etorkizuneko ikuspegi global batekin eta berehala erantzutea. EAJk kirolaren arloan darabilen ereduarekin dirutza xahutzen eta atzeraka goaz Zornotzan.