Zornotzako EAJ-PNV diru publikoa xahutzen ari da propaganda elektorala egin eta alderdiaren alkategai berriaren burua goraipatzeko

Zornotzako EAJ-PNVren ustetan Udala berea da; Udalaren izenean, diru publikoa nahieran darabil eta uko egiten dio Zornotzako jendartearen pluralitateari. Ase ezina da boterea eta protagonismoa pilatzeko duten grina. Horren erakusgarri dira, azken hilabeteetan, bere alkategaia izango denaren autobonborako erabilitako jokabideak, bai hedabideetan, bai herriaren aurrean.

Esaterako, irailean zehar, herrian banatu duten udal-zerbitzu eta ikastaro-gida alkate eta alkategaiaren argazkiekin egin dute. Urteak dira zerbitzuen berri emateko Udalak gidak zabaltzen dituela, baina, EHBildu Udalean sartu zenetik (2011), sekula  ez dira ordezkari politikoen argazkiekin atera.

Oso esanguratsua eta, aldi berean, lotsagarria, izaten ari da pertsona horren irudiaren erabilera politikoa. EAJk ekainean alkategaiaren hautaketarako egindako barne-prozesua iragarri arren, 2021ko apirilean egindako Osoko Bilkuran gertatutakoa horren erakusgarri da. Izan ere, EHBilduk EAJ-PNVko Ainhoa Salterain zoriondu zuen alkategai berria izango zelako. Agian, uste zuten, Zornotzako herritarrak ez garela ezertaz ohartzen, baina aspaldi jabetu ginen jokabideaz.

Hori dela eta, EHBildutik azken asteetan banatua izan den gida horrek izan duen kostu ekonomiko bueltatua izan dadin exijitzen dugu. Herriaren dirua herriari bueltatu!