Zornotzako EH Bilduk ustezko irregulartasunak antzeman ditu Urgozoko obra-kontratuaren esleipenean

Zornotzako Udaletxea

EH Bilduk Urgozo polikiroldegiaren eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko beste zenbait kontratu esleipenei aurkeztutako helegiteen harira Amorebieta-Etxanoko EAJren Udal Gobernu Taldeak argitaratutako oharrarekin lotuta, hainbat puntu argitu behar ditugu, nahita ez baitituzte azaldu:

1- Zornotzako EH Bilduk helegitea aurkeztu dio Urgozo kiroldegiaren obren esleipenari, Udal Gobernuak egitasmoaren kontratua zatitu duelako, berez dagokion prozedura publikoa egin gabe esleitu ahal izateko proiektua. Hau da, helegitea aurkeztu dugu Udal Gobernuak, hori egitean, Konratuen Legea urratu duela ulertzen dugulako. 6.500.000 eurotan (BEZ barne) esleitu dute obra, kantxa, gradak, kanastak, altzariak, urbanizazioa eta beste hainbat elementu proiektuaren baitan sartu gabe.

2- Obrak ez dira atzeratuko EH Bilduk helegitea jarri duelako.  Lanak atzeratzen badira, Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak hala ebatzi duelako izango da. Eta organo hori Eusko Jaurlaritzaren menpekoa da.

3- Helegitea aurkezteko epeari dagokionean, legeak ezarritakoaren baitan egin da, besterik gabe.

4- EH Bilduk ez du inoiz zalantzan jarri udal teknikarien lana eta profesionaltasuna. Egunero egoten gara haiekin, haien lanarekiko errespetua adierazi diegu, eta alde bien arteko harremana ona da. Arreta desbideratzeko, haien lana eta profesionaltasuna zalantzan jarri dugula esatea zikina eta zitala da.

5- Legegintzaldian zehar, EH Bilduk hainbat helegite aurkeztu ditu, baina EAJren Gobernu Taldeak ez ditu horien berririk eman. Zergatik? Kudeaketan ustezko irregulartasun bat sumatzen dugun bakoitzean egiten dugu. Udaleko gobernu-organoak kontrolatzea eta fiskalizatzea ez da aukera bat, zinegotzion betebeharra baizik. Diru publikoaz ari gara!

6- Zornotzako kluben, ikastetxeetako ikasleen eta elkarteen ilusioarekin jolasean dabilena ez da EH Bildu. Urgozo proiektuak 7 urte baino gehiago atzeratu izana gehiengo osoa duen Gobernu Taldearen kudeaketa negargarriaren ondorioa da.

7- EH Bilduren helburua gauzak ondo egitea da. Obraren atzerapena guri leporatzearekin, arreta desbideratu nahi dute, baina horrek ez du oinarrian dagoen arazoa konponduko.