Zornotzako emakume gazte bati sexu-erasoa egin diote Bilbon

Herriko Plazan egindako bilkura. Argazkia: Zornotzako Talde Feminista

Biktimak salaketa jarri zuen eta erasotzailea atxilotuta dago. Udalak nahiz Talde Feministak deituta, bilkura jendetsuak egin dira herrian gertatutakoa salatzeko eta emakumeari babesa emateko.

Zornotzako emakume gazte batek sexu-erasoa jasan zuen larunbat goizaldean Bilbon. Salaketa jarri zuen eta ordu batzuk geroago erasotzailea atxilotu zuten.

Larunbat goizean, udaletxean ordezkaritza dugun alderdi politiko guztiok premiazko bilera egin genuen, gertatutakoa gaitzesteko adierazpen instituzionala aho batez onartu eta arratsaldean elkarretaratzea deitzeko. Jende asko batu zen udaletxe aurrean.

Zornotzako Talde Feministak deituta, igande honetan beste kontzentrazio bat egin da erasoa salatu eta biktimari babesa adierazteko.

“Nekatuta eta haserre gaude berriro atera behar izan garelako kalera, baina beharrezkoa den guztietan aterako gara eta erasotzaileek aurrez aurre izango gaituzte beti”, esan dute.  Halaber, biktimari bakarrik ez dagoela eta Talde Feministaren babesa duela adierazi diote.

Ehunka lagun batu dira Herriko Plazan. EH Bilduko ordezkariak ere bertan izan gara.