Zornotzako Udal Gobernuaren 2024ko aurrekontuak “makro-proiektuak” lehenesten dituela salatuta, bere proposamen propioa aurkeztu du EH Bilduk

Zornotzako Udal Gobernuak 2024ko aurrekontuak onartu ditu, EH Bilduren aurkako bozkarekin. Koalizio subiranistak salatu du EAJk eta PSEk “zementua eta makro-proiektuak” lehenesten dituztela, eta Udal Gobernuari leporatu dio proposamena gainontzeko alderdiei denboraz helarazi ez izana. Testuinguru honetan, Zornotzako EH Bilduk 960.000 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du, herritarren beharrizanak erdigunean jarrita.

Zornotzako Udal Gobernuak 2024ko aurrekontuak onartu zituen ostiralean. EH Bilduk, ordea, aurka bozkatu zuen, EAJren proposamenak “zementua eta makro-proiektuak” lehenesten dituela iritzita. Halaber, koalizio suberanistak salatu du Udal Gobernuak “bere behin betiko aurrekontuen proposamenenak prentsa eta herritarrei  guri baino lehen helarazi izana, edo gehienez, aldi berean”.

Zornotzako EH Bilduk ezezkoa eman die aurrekontuei “gure eredu ekonomikotik oso aldenduta dauden aurrekontuak direlako”. Plenoan azaldu zuten EH Bilduren udal taldearen zutabea Zornotzako baliabide ekonomikoak gizarte politiketara, politika feminstetara, kulturaletara eta ingurumen politiketara zuzentzea dela, “zementu eta makro-proiektuei lehentasuna ematen dien politiketatik aldenduz”.

EH Bilduren aurrekontu proposamena

Politika sozialei dagokionez pertsonak eta haien beharrizanak erdigunean kokatzea da Zornotzako EH Bilduren helburu nagusia. Besteak beste, herriak etxez etxeko arreta zerbitzu duin bat ezinbestekoa duela azpimarratu zuten, eta horretarako beharrezkotzat jo zuten egun azpikontratatuta dagoen zerbitzua udalak bere gain hartzea: “Ziur gaude zerbitzu honen kudeaketa zuzenak onurak ekarriko lituzkeela, zerbitzuaren kalitateari dagokionez, zein zerbitzua ematen duten langileen egoerari dagokionez”.

Zerbitzuaren erabiltzaile kopurua eta haien beharrizanak identifikatzeko ikerketa sakon batera 50.000 € bideratzea proposatzen du EH Bilduk. Era berean, osasun mentalerako bonoetara 30.000 € bideratzea proposatu zuen eta beste hainbeste gazteriaren beharrak identifikatu eta haiei erantzuteko kale hezitzaileetarako.

Feminismoari dagokionez, beharrezkotzat jo zuten eguneroko bizitzako eremu guztietan emakume eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzea helburu duten politika, programa eta proiektuak bultzatzea. Hortarako, Zornotzako EH Bilduk beharrezko ikusten du, besteak beste, emakumeen eremu eta topaketa gune bat sortzea, Emakumeen* Etxea, alegia, eta aurrekontuetako 30.000 € honen eraketarako ikerketarako bideratzea.

Ingurumen politikak sustatzea eta hauetan inbertitzea ere “berebizikoa” da Zornotzako EH Bildurentzat, krisi klimatikoari aurre egiteko. Herri honek bere ingurumenaren egoeraren ikerketa beharrezkoa dela uste du koalizio subiranistak, “gehiegizko kutsadura, kontrolik gabeko isurketak, baliabide naturalen narriadura edota klima aldaketaren eraginak” identifikatuko dituena eta hauek prebenitzeko edo hauei irtenbide emateko alternatibak aurreikusiko dituena. Era berean, nola ez, energia berriztagarriak sustatzea  ezin bestekoa da udal taldearentzat.

Gure ingurumena zaintzeko ekintza desberdinak planteatzen ditu EH Bilduk, bakoitzari ditu partida jakin bat bideratuta: 400.000 € ur sarearen berriztapen progresiborako, ura alperrik galdu ez dadin; 200.000 € gure ondare naturala babesteko, horretarako toki estrategikoetan lurzoruak erosiz, eta 50.000 € komunitate energetikoak sortzeko lehenengo pausuak emateko, gure burujabetza energetikoa lortzeko.

Horrez gain, beste 80.000 € 2030 Agendaren ekintza plana osatzera ingurumen teknikari bat zuzentzeko.

Era berean Amorebieta-Etxanok, udal gobernu honek gaur artean aurreikusi duen kultura sustatzeko eredu desberdin bat beharrezko duela deritzo EH Bilduk, atzerrikotik aldentzen dena eta, bertokoari, gureari, lehentasuna ematen diona, euskara sustatzeko jarduera soziokulturalak sustatzera 30.000 € bideratuz.

Kirolean inbertitzea ere beharrezkoa dela deritzo koalizioak, uste baitu beharrezkoa dela herri honen kirol beharrizanak identifikatu eta denei erantzun ematea.

Horrez gain, auzoengan behar besteko arreta jarri du EH Bilduk, hainbat hobekuntzarako diru partidak bideratzea proposatuz: 20.000 € buzoi berrietarako zein daudenak egokitzeko eta panel informatiboak jartzeko; 50.000 € Torreburuko bidea berritzeko; 10.000 € Kimerako argizterirako eta zabor edukiontzientzako; eta 30.000 € auzoetako jaietan erabiltzeko karpa baten erosketarako.

EH Bilduk aurkeztutako aurrekontu proposamena 960.000 eurokoa litzateke guztira, herritarren beharrizanak erdigunean jarrita.